Morlansko tunela oinezkoentzat egokitzeko lanak onartu dituzte
Morlansko tunela. Donostiako Udalak abuztuan iragarri zuen Lugaritz eta Morlans arteko tunela oinezkoentzako birgaituko zuela, eta gaurko Tokiko Gobernu Batzordean onartu du lanen kontratazio espedientea, 381.634 euroko lizitazio aurrekontuarekin eta lau hilabeteko egikaritze epearekin. Jon Insausti alkateak azaldu duenez, proiektu horrek “hiri komunikazioak kohesionatzea ahalbidetzen du, auzoak oinezkoentzako modu irisgarrian lotuz”.
Proiektuaren xede den zatia Lugaritzeko tren geltokian hasten da, eta tuneleko bidegorria Morlans pasealekuko bidegorriarekin lotzen da. Proiektu honen bidez, zolata bana eraikiko dute bidegorriaren alde banatan, eta, beraz, oinezkoek ibiltzeko duten espazioa handitu egingo da, tunelaren alde bakoitzean metro bat inguruko zabalera lortuz. Bidegorriak 2,20 metroko zabalera izango du, eta ondoan metro bateko bi erreiak jarriko dituzte, bai Lugaritz aldera, bai Morlans aldera.
Era berean, seinaleak berrituko dituzte “oinezkoen lasaitasunerako eta segurtasunerako”, baita dauden interfonoak kendu eta tunel osoari estaldura emango dion telefonia ekipo bat jarri ere.


