Ondarretako pasealekua «erabat konponduta» egongo da udarako
Ondarretako hondartzako eskailera hondatua erretiratu dute makinek.Xalba Ramirez Itsasoaren indarrak nabarmen kaltetu du Ondarretako hondartza azken egunotan, Irutxulo pasealekuko horman agerturiko arrakalekin batera, hondartzaren erdialdean dauden eskailerak hondoratu baitira berriki. Horren aurrean, Donostiako Udalak neurriak “berehala” hartuko zituela iragarri zuen Jon Insausti alkateak joan den astean, eta Tokiko Gobernu Batzordeak “kalteei premiazko erantzuna” ematea onartu du gaur, hilaren 18an. Hain zuzen ere, alkateak nabarmendu du 2026ko udarako “erabat konponduta” egongo dela eremua.
Construcciones Moyua S.L. enpresari adjudikatu dizkiote konponketa lanak, 2,5 milioiko aurrekontuarekin. “Premiazko prozeduraren arabera, kontratazio organoak, espedientea izapidetu beharrik izan gabe, egin beharrekoa egitea agindu dezake, gertatua konpontzeko edo sortutako beharrari erantzuteko”, azaldu du udalak, ohar baten bidez. “Aipatutako txostenean justifikatutako jarduerak premiazkoak direnez, berehala gauzatu behar dira”, gaineratu du Insaustik.


