EH Bildu kritiko agertu da udal gobernuarekin aurrekontuez izandako bilerarekin
Garbiñe Alkiza, Jabi Vitoria eta Juan Karlos Izagirre, udaletxeko prentsa aretoan.EH Bildu Donostiako Udal Gobernuak udal aurrekontuei buruz hitz egiteko bileran parte hartu zuen atzo EH Bilduren udal taldeak. Ohar baten bidez plazaratu dute balorazioa, eta oso kritiko agertu dira udal gobernuaren jarrerarekin: “Hau ez da adostasuna bilatzeko bilera bat izan, hau donostiarrei politika berria bat egiteko asmoa dagoela saltzeko marketing maniobra bat izan da”.
Irailaren 29an, EH Bildu prest agertu zen udal gobernuaren aurrekontu proposamena negoziatzeko, “Donostiarrentzat justuagoa eta orekatuagoak izango ziren aurrekontu batzuk adosteko”. Ordea, ez zuten erantzunik jaso. “Tarte honetan ez dira gurekin harremanetan jarri, eta osoko zuzenketa bat eta 139 zuzenketa partzial aurkeztu behar izan ditugu”, nabarmendu dute.
Asteleheneko Ogasuneko batzordean, udal gobernuak EH Bilduren “proposamen guztiei ezezkoa eman” ziela jakinarazi dute, eta atzorako bilera bat proposatu zieten. “Bileran ez zen sakontasunean sartzeko aukerarik izan, eta zalantzan ere jarri dituzte guk, herritarrekin batera, adostutako proposamen egingarrietako batzuk. Guretzat garbi dago: argazki baten bila joan dira”, kritikatu dute.


