«Euskaraz lan egin eta artatu» nahi dutela aldarrikatu dute suhiltzaileek
Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean elkarretaratu dira suhiltzaileak.LAB Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuko langile ugarik, LAB sindikatuaren babesarekin, elkarretaratzea egin zuten asteartean Gipuzkoa plazan, aldundiaren jauregiaren aurrean, “suhiltzaile zerbitzu euskalduna” aldarrikatzeko. Izan ere, gogorarazi zuten urriaren 22an, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtea amaitu aurretik 113 lanpostu publiko plaza berri betetzeko deialdia luzatuko duenaren berria plazaratu zuela, eta “eskainiko dituzten lanpostuei ezarriko dieten euskara eskakizunen inguruko kezka” dutela: “113 lanpostu horien %34an atzeratu egingo da euskara eskakizunaren nahitaezko izaera, eta teorian, epe bat emango da hori egiaztatu ahal izateko. Errealitatean, badakigu ezarritako epe horiek ez direla inoiz betetzen. Praktikan, suhiltzaile zerbitzuari dagokionean, eskaintzera doazen 68 lanpostuetatik 23k derrigorrezko euskara eskakizunik ez dutela izango esan nahi du”.
Nabarmendu zutenez, “Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzua Euskal Herrian bere irrati komunikazioetan euskara hutsean lan egiten duen zerbitzu bakarra da. Horretaz gain, ia langileria guztia euskalduna izateak zerbitzu barruko harremanak, bilerak, formakuntzak euskaraz egin ahal izatea bermatzen du”. Ildo beretik, “emergentzia zerbitzu bat garen heinean, gaur egungo errealitateak, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu %100ean elebiduna eskaini ahal izatea bermatzen du”, gaineratu zuten.
Horrela, salatu zuten aldundiak erabaki hori hartzeko arrazoia “lanpostu eskaintza publikoetan epaitegiek euskara eskakizunen aurka hartutako erabakietan oinarritzen” dela: “Egoera horri aurre egiteko, lanpostu guztien herena euskara eskakizunik gabekoa izatea ‘mal menor’ gisa saldu nahi du aldundiak. Errealitateak, ordea, krudelki erakusten digu lanpostu horietan euskaldunak ez diren langileak sartzen badira, zerbitzuak euskaldun izaera hori galduko duela”.
Horregatik, “atzerapauso handi” gisa definitu zuten “erabat euskalduna den zerbitzu batean hizkuntza errealitate hau aldatzea”. “Honegatik guztiagatik, aldundiari eskatzen diogu, lanpostuen euskara eskakizunen inguruan orokorrean, eta suhiltzaile zerbitzuari dagokienei bereziki, hartutako erabakiaren inguruko hausnarketa egin dezala eta plaza guztiek derrigorrezko euskara eskakizuna izan dezatela”, gehitu zuten.


