Haizea kontran du euskarak
Euskararen egoeraz aritzeko mahaingurua egin zuten atzo euskaltzaleek, San Telmo museoan. Nagore Garmendia Epaitegietatik iristen diren berriek, azken asteotan, sentsazio hotz bat ekarri dute euskararen plazara. Pareta horien artean hartu diren erabakiek airean utzi dute arreta pizteko moduko mezua: euskara larrialdi egoeran dago. Eta egoera horren inguruan hausnartzeko elkartu ziren asteartean hainbat euskaltzale San Telmo museoan.
Mahaia osatu zuten Ikamako Izaro Lopezek, Euskal Herrian Euskarazeko Iraia de la Torrek, Bagerako Alai Krusek eta Euskalgintzaren Kontseiluko Maddi Juanikorenak. Aretoa poliki-poliki betetzen joan zen: bertan ziren kezka dutelako, bertan ziren interes hutsa dutelako, eta bertan ziren, baita ere, urte luzez euskararen alde lan eginda azkenaldiko kolpeak gertu-gertutik sentitzen dituztenak.
Datu larriak
Datuak, hala, ez zuten giroa baretu: euskaraz erdaraz baino hobeto moldatzen direnak gero eta gutxiago direla azaldu zuen Juanikorenak, eta gogorarazi zuen hizkuntzak ez duela oraindik ofizialtasun osoa Euskal Herri osoan; eta ofiziala den lekuetan, berriz, oinarri juridikoa ez dela nahikoa. Euskarak bizi nahi du, baina faltan ditu tresnak.
Teknologiak ere ez du lagundu. Digitalizazioaren garaiak eredu linguistikoak aldatu ditu, harremanak beste modu batera antolatzen ari dira, eta sareko hizkuntzek ez dute beti gurea kontuan hartzen. Horregatik guztiagatik, abenduaren 27an manifestaziora deitu du Kontseiluak, “pizkunde berri baten premia” helburu.
Donostian, behetik gora
Donostiari begira jarrita, Krusek argi hitz egin zuen: auzoetatik hasi nahi dute. Bageraren lana bertan kokatzen da, eguneroko bizitzako ertzetan, aniztasuna errespetatuz baina euskararen presentzia hauspotuz. Eta datu deigarria utzi zuen mahai gainean: hiriko hamabi auzotan bada jada euskara elkarte edo talde aktibo bat, eta hamairugarrena —Bidebieta— bidean dago.
Ikamako Izaro Lopezek gogorarazi zuen abenduaren 11rako deitua dutela greba orokorra, Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazioak eginez. Tokian tokiko egoera desberdinak “independentzia faltaren sintoma” direla azaldu zuen. De la Torre, berriz, faxismoaren gorakadaz mintzatu zen: diskurtso berriak, arrisku zaharrak, eta horien aurrean, euskalgintzak eragin behar duen premia. Horregatik egingo dute abenduaren 6an manifestazio nazionala Durangon, Euskaraz bizitzeko, euskararen errepublika lelopean.
Oldarraldiaren erdian
Juanikorenaren ahotik etorri zen definizio potentea: “Euskararen aurkako ekaitza perfektua”. Haizea kontra datorrela. Desofizialtasun prozesu baten erdian gaudela. Epaitegietatik datoz sintoma agerienak, baina ez dira soilik hemengoak: ultraeskuinak sortutako oldarraldiak Espainiako Estatuko beste lurralde batzuetan ere sumatu dira, Valentzian, kasu. Eta horren guztien erroa, haren esanetan, Espainiako Konstituzioa bera da.
Krusek argi utzi zuen: legea aldatu behar da, bestela larrialdiari ezin zaio aurre egin. Lehen pausoa, kontzientziazioa. Auzoetan, behetik, jendearekin, saioz saio.
Azken hitza kalearena da
Euskararen aldeko borrokak badaki nondik datorren eta nora joan. Herri mugimendua du indar, eta abertzaletasunean aurkitu du askotan babes eta arnasa. Eta, oraindik ere, kaleak hartzen diren bitartean, zapalketari zapalketarekin ez, baina bizitzarekin, presentziarekin eta ahotsarekin erantzungo diote euskaltzaleek.
Haizea kontra, bai; baina euskarak ere badaki zer den haize bolada batek bere alde astintzea. Eta abanikoari emango diote euskaltzaleek.


