Musika talde donostiar ugarik utzi dute Spotify, Musikariak Palestinarekin egitasmoarekin bat eginez
Musikariak Palestinarekin plataformako hainbat kide, Iruñean egindako agerraldian.EITB Musikariak Palestinarekin plataformak agerraldia egin zuen asteartean Iruñeko Katakrak espazioan, Palestinarekin elkartasunez Spotify plataforma utzi dutela iragartzeko. Guztira, Euskal Herriko 162 musika taldek, 650 musikari baino gehiagok, egin dute bat egitasmoarekin, eta tartean daude Donostiako talde ugari: Bele, Pelax, Argazki bat behelainoan, Nakar, Hyperbolika eta Physis Versus Nomos, besteak beste. Zerrenda osoa hemen daukazue.
Munduko musika merkatu digitaleko plataforma liderra da Spotify, baina musikariek agerraldian gogorarazi zuten “Daniel Ek Spotifyko buruzagiak drone militarrak garatzen dituen Helsing Defense armagintza enpresan 700 milioi euroko inbertsioa” egin duela. Hori dela eta, Musikariak Palestinarekin plataforma sortzen hasi ziren abuztuan, eta, aipatu moduan, 650 musikarik egin dute bat dagoeneko egitasmoarekin: “Lerro hauek probestu nahiko genituzke antolakuntzara batu nahiko lukeen orori ateak irekita dituela esateko”, gaineratu dute, ohar baten bidez.
Era berean, salatu dute Spotifyk ez dituela musikariak behar bezala tratatzen: “Jakinik Spotifyrentzat ez garela inor, asmo hori bera bultzatu nahi dugu kontrako noranzkoan: ez dadila ezer izan Spotify guretzat”.


