Akelarre taldeari buruzko dokumentala eskainiko dute Euskararen Egunean Donostian
Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan, ehun ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte Donostiako hainbat auzotan, azaroaren 22tik abenduaren 6ra.
Euskararen Egunaren inguruko prentsaurrekoa egin dute udaletxean.Beñat Parra Ate joka dago 2025eko Euskararen Eguna (abenduak 3), eta, ohiko legez, euskararen garrantzia eta normalizazioa aldarrikatzeko baliatuko dute euskaltzaleek egun hori, baita ospatzeko ere. Hain zuzen ere, Euskararen Eguneko jardueren aurkezpena egin dute ostegun goizean Donostiako Udaletxean, Kerman Orbegozo Euskara zinegotziaren, Bagera Euskaltzaleen Elkarteko Alai Kruseren, Akelarre musika taldeko Xanet Arozena eta Aitor Amezagaren eta Xabi Zabala Akelarre marearen kontra dokumentalaren zuzendariaren eskutik.
Hain zuzen ere, dokumental horren proiekzioa da Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak aurtengo Euskararen Egunaren bueltan antolatutako jarduera bereziena: abenduaren 3an bertan proiektatuko dute, Antzoki Zaharrean, 19:00etan. Dantzaldi banda historikoa da Akelarre, 1972tik 2005era plazaz plaza ibilitakoa eta denbora tarte horretan hamasei disko argitaratu zituena. Horrela, dokumentala Donostian proiektatu ahal izatearekin “oso eskertuta” agertu dira musikariak eta zuzendaria, eta Zabalak nabarmendu du Akelarrek “merezi” zuela halako aitortza bat, “egindako lana ikusaraztea”.
Era berean, Akelarrekoek nabarmendu dute Donostian “beti” oso harrera ona izan duela taldeak: “Esaten da Donostian ez dela euskaraz hitz egiten, baina ez da egia, hitz egiten da eta euskaltzale asko daude”. Horrez gain, Euskararen Eguna “egunero” dela aldarrikatu dute, egunero aldarrikatu behar delako euskara. Ildo horretatik, desiratu dute “noizbait euskara aldarrikatu behar ez izatea”: “San Frantzisko Xabier izan dadila berriz egun hori eta listo”, esan dute, ironikoki.
Filmaren ostean, mahai ingurua egingo dute, han bertan, Xabier Sukia kazetariaren gidaritzapean. Bertan Jexux Mai Lopetegi, Aitor Amezaga eta Iñigo Cruz Akelarre taldeko kideek eta Xabier Zabala eta Carlos Iglesias dokumentalaren zuzendariek parte hartuko dute. Sarrera doan izango da eta online eskura daiteke Donostia Kulturaren webgunearen bitartez edo Antzoki Zaharreko leihatilara joanda.
Ehun jardueratik gora
Ohiko legez, Donostiako auzo gehien-gehienetan antolatu dituzte Euskararen Egunaren bueltako egitarau propioak, Orbegozok eta Krusek azaldu dutenez. Biek auzoetako euskara batzordeen lana goraipatu eta eskertu dute, eta zinegotziak adierazi du “elkarlanaren indarra” erakusten duela Euskararen Egunaren bueltako lanketa horrek guztiak. Hemen daukazue auzoz auzoko egitaraua.
Era berean, Krusek nabarmendu du azken ikerketek diotela euskararen normalizazioa “bidegurutze batean” dagoela gaur egun, eta, horregatik, ezinbestekoa dela “aldarrikatzen” jarraitzea. Ildo horretatik, auzoetan egiten den lana oso garrantzitsua dela gogorarazi du.


