Altzako Historia Mintegiak 40 urte beteko ditu 2026an
'Altzatarra' argazki bilduma bateko irudia.Altzako Historia Mintegia Datorren urtea berezia izango da Altzako Historia Mintegiarentzat: 40 urte beteko dituzte. “Altzatarren ondarea zaintzeko, hautsak kentzeko eta kontserbatzeko, eta Altzaren orainaren parte izateko elkartu ginen”, nabarmendu dute.
Hori dela eta, abenduaren 12an, 2026ko egutegia aurkeztu eta urte berrirako pentsatuta dituzten proiektuen berri emango dituzte. Tomasene Kultur Etxean izango da aurkezpena, 19:00etan.
Urteurrena ospatzen hasteko, aipaturiko egunerako prestatu nahi duten proposamen batean parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak: “Berrogei urteotan bildu ditugun eta album altzatarretan argitaratu ditugun argazkietatik bat aukeratu. Esanahi berezia duen argazki bat, leku batena, zerbait pertsonala edo kolektiboa gogorarazten duena, eta abar”.
Parte hartu nahi duenak, argazkia Whatsapp bidez elkartearen telefonora 649 496 607 bidal dezake, hilaren 28a baino lehen. “Era berean, argazkia aukeratzera eta horren esanahia audio bidez komentatzera edo idaztera gonbidatzen zaituztegu. Gure asmoa da aukeratutako irudiak aurkeztea eta abenduaren 12an bertaratutako guztien artean partekatzea”, azaldu dute.


