Bihar hasiko dira Ondarreta pasealekua konpontzen
Ondarretako hondartzako eskailera hondatua erretiratu dute makinek.Xalba Ramirez Udalak ezagutarazi duenez, bihar, hilak 21, ekingo diete ekaitzak kaltetutako Ondarreta pasealekua konpontzeko lanak. Asteartean, Tokiko Gobernu Batzarrak larrialdiko bidetik onartu zituen jarduketak, kostaldeko hormaren 105 metro konpontzeko, hondatuta dauden eskailerak barne. Alegia, kostaldeko horma berri bat eraiki eta berreraiki egingo dute harri lubeta eta eskailera.
Lanak egiteko epea lau hilabetekoa izango dela aurreikusi dute. Horiek iraun bitartean, hondartzara sartzeko arrapala itxiko dute, hareatzan lan egingo duten obrako makinek erabili beharko baitute. Pasealekuko 140 metroko tarte bat ere hesitu eta itxi egingo dute pasabidean, kaltetutako eskailerak baino metro batzuk lehenagotik abiatuko dena eta arrapala arte. Hortaz, oinezkoak Ondarretako lorategien barrutik desbideratuko dira.


