Donostia Prog-Tech Metal Fest jaialdia martxoaren 7an egingo dute, bigarrenez
Andorrako Persefone taldea. Metal teknikoa eta klase magistralak uztartuko dituzte berriz ere. Datorren urteko martxoaren 7an egingo dute bigarren Donostia Prog-Tech Metal Fest jaialdia, Larratxo Kultur Etxean.
Hiru talde ariko dira zuzenean, eta esanguratsuena Andorrako Persefone taldea da. Muturreko metal teknikoa progresiboarekin nahastuz, bidea egin dute nazioartean. Kartela Euskal Herriko bi banda gipuzkoarrek osatuko dute, biak interesgarriak: Hilotz eta Mise En Abyme. Thrash metala eta metal progresibo instrumentala jorratzen dute, hurrenez hurren.
Aipatu moduan, jaialdia ez da zuzenekoetara mugatzen. Klase magistralak ere egongo dira egun horretan bertan, goiz partean. Hiru musikari hauek eskainiko dituzte ikastaroak: Mikel Gomez (Lampr3a, Soziedad Alkoholika) bateria jotzailea, Borja Mintegiaga (Lampr3a) eta Carlos Lozano (Persefone) gitarristak.
Sarrerak eskuratzeko eta ikastaroetan izena emateko, Donostia Kulturaren webgunean sartu behar da.


