«Etxebizitza ez da 'guztion' arazoa: etxe bat behar dutenen eta horrekin negozioa egiten dutenen arteko gatazka da»
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak deituta, Tabakaleraren aurrean egin zuten elkarretaratzea.EHESS Etxebizitzari buruzko House Action kongresua egin dute egunotan Donostiako Tabakaleran, eta, horren aurrean, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak elkarretaratzera egin zuen asteazken arratsalderako, Tabakaleraren aurrean. Horrela, “politikarien eta instituzioen irudi garbiketa” salatu zuten.
Salatu zutenez, “antolatzaileen esanetan, etxebizitza duin bat izatea ‘gure egungo ordenamendu juridikoan aitortutako eskubidea da, eta eskubide hori gauzatzeko botere publikoei emandako ardura aitortua dago’. Hori da, ustez, ekitaldi honen helburua. ‘Irtenbideak eta praktikak’ partekatzen aritu direla esan dute. Ez dakigu zer irtenbideri buruz ari diren, baina haien jardunbideei buruz hitz egin dezakegu”.
Horrela, etxebizitzaren egungo arazoaren erantzukizun parte bat duten agintariek parte hartu izana kritikatu zuten: “Alde batetik, gaur Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko alkateek hartu dute parte. Ondo ezagutzen ditugu. Etxegabetzeak etengabe gauzatzen dituzten udaletako arduradunak dira, jabetza pribatua defendatzeko politika berberak aplikatzen dituztenak eta espekulazioari eta negozioari alfonbra gorria jartzen dietenak. Bestetik, Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko eta Espainiako ordezkariak ere egon dira. Guztiek harro hitz egin nahi izan dute haien etxebizitza legeez, tentsio handiko eremuez, prezioen ustezko mugez… Denek hitz egiten digute ‘etxebizitza eskubidea gauzatzeaz’, baina egiten ari direna irudi garbiketa hutsa da”. “Hondamendi honen aurrean, proposatzen duten irtenbidea ‘lankidetza publiko-pribatu’ ospetsuak dira House Action kongresu honetako gai garrantzitsuetako bat. Hitz gutxitan esanda, diru publikoaren transferentziak eraikuntza enpresen, funts putreen eta bankuen poltsikoetarako”, gaineratu zuten.
Ildo beretik, arazoari errotik heltzera deitu zuten: “Etxebizitzaren arazoa ‘herritar guztiena’ dela esaten digute. Ez. Etxebizitza ez da ‘guztion’ arazoa: etxe bat behar dutenen eta horrekin negozioa egiten dutenen arteko gatazka da; langile klasearen eta finantza interesen zerbitzura gobernatzen dutenen artekoa; hemen bizi garenon eta gure hiriak aktibo gisa ikusten dituztenen artekoa. Izan ere etxebizitza, sistema honetan, ez da eskubide bat: prezioa duen merkantzia da, erosi, pilatu eta saltzen dena. Eta merkatuan harrapatuta jarraitzen duen bitartean, logika bati erantzuten jarraitzen dio: etekina ateratzea, eta bizitza duinik ez bermatzea”.


