Baserri giroa komiki bihurtu
Eneko Iztueta Azurmendi (Donostia, 1981) ogibidez irakaslea bada ere, ‘Kontua eta Zikina’ lehenengo komikia argitaratu berri du. XX. mendeko baserri giroaren errealitatea komikirako idatzi du, eta bere anaia Ibai Iztueta Azurmendirekin eta Aritz Vieites Ezeizabarrena marrazkilariarekin batera egin du lan.
Eneko Iztueta Azurmendi, 'Kontua eta Zikina' komikiaren egilea.Gorka Correyero Donostian jaio zen arren, baserri giroa oso presente du Eneko Iztuetak. Sei urte pasatu ditu Kontua eta Zikina komikia idazteko helburuarekin. Proiektuak Herri Txiki Infernu Handi saioan du oinarria, Beizaman grabatutako saioan, hain zuzen ere. Agustin Linazasoro beizamarrak bere amona zenaren istorioa kontatu zuen, eta Iztuetatarrak hasieratik harrituta geratu ziren. Egituraren aldetik, baserri giroko narrazio bikaina da eta Azurmendi anaiek narrazio hura komiki bilakatu dute. «Nire anaiak hasieran ikus-entzunezko bat egin nahi zuen, baina aurrekontua dela eta, zaila zen», azaldu du Iztuetak. Film bat egitea zaila denez, komikiaren aldeko apustua egin dute.
Helburu argia da: istorioa idaztea. Hortaz, komikiaren mundua ezagutzeko ahaleginak egin zituzten, eta gehiegi jakin gabe, komikia sortzeko prozesua hasi zuten. «Gu toreatzen jakin gabe plaza batean sartu gara, eta ahal izan duguna egin dugu». Iztuetaren lehenengo lana den arren, bere anaiak badu esperientzia, idazlea baita. Harengatik heldu dela argi du Enekok, eta prozesua ikasteko baliogarria izan dela gehitu du.
Istorioaren narratibak bidea erraztu die. Baserri giroa txikitatik oso presente eduki dute. Ezaguna zaie. «Etxez etxe heldu zaigun istorioa da», nabarmendu du. Horretarako, 1929. urtera atzera egin behar du irakurleak, orduko Euskal Herriko baserri girora. Kontua eta Zikina-ren istorioak neskameen bizipenak islatzen ditu, bildu duten istorioa etxeko bihurtu dute. «Euskal Herriko baserritar askori ez zaie arrotza egingo». Omenaldia egiteko aukera bikaina eduki dute.
Omenaldia biribiltzeko aukera izan dute izenburuarekin. «Iruñeko aurkezpenaren ondoren, amarekin hitz egin nuen eta Kontua eta Zikina amonaren esamoldea zela argitu zidan», azaldu du. Azurmendik Wazemank saioan entzun zuen esamolde bat zen, baserrietan asko erabilitakoa. Proiektua argitaratu ostean, «erabat asebeteta eta oso pozik» dagoela dio.
Marrazkien indarra
1960ko hamarkadako baserri mundua diseinatzeko, dokumentazio lana ezinbestekoa izan da. Iztueta Azurmendi anaiek istorioaren kontakizuna egin dute. «Nire anaiak gidoia egin du, eta nik hori kontuan hartuta, storyboard bat egin dut». Komikiak bi osagai behar ditu: hitzak eta marrazkiak. Istorioa ilustratzeko, Aritz Vieites marrazkilariren laguntza izan dute.
Iztuetak diseinatu duen istorioa marrazki bihurtu du. «Testuingurua eta kokapenak nik egin ditut argazkiak jarriz, gero marrazkilariak argazki horiek marrazki bihurtu ditu». Bestalde, azaldu egileak azaldu du Arkaitz Zubirik proiektuaren hastapenetan lan handia egin zuela, besteak beste, pertsonaien diseinuaz arduratuz.
«Iruñeko aurkezpenaren ondoren, amarekin hitz egin nuen eta ‘Kontua eta Zikina’ amonaren esamoldea zela argitu zidan»
Eneko Iztueta Azurmendi, ‘Kontua eta Zikina’-ren egilea
Donostiako erreferentziak ere azaltzen dira istorioan zehar, besteak beste, modernizazioa azaltzeko Tabakalera aipatzen baitute. Era berean, Euskal Herriko langile borroka azaltzean, Egia auzoa presente dago.
Gaur egungo Donostia ez da 1960ko hamarkadako bera. Horrek ere asko lagundu du, marrazkiak diseinatzeko garaian erreferentzia izan dezaten. Komikian azaltzen den beste erreferentzietako bat Donostiak izan zuen euskararen lehenengo loraldia da. «Trantsizio grisa izan zen, neskameen arteko elkarrizketak Euskal Herria gris eta borrokalari horretan kokatzen dira», argitu du. Egungo gizartearen egoera oso bestelakoa da.
Donostian euskaraz bizi
Iztueta jaiotzez donostiarra da, eta Donostia zalea ere bada, horregatik aukeratu zuen Donostia komikiko istorioa kokatzeko. Hala ere, «eroso eta pozik» bizi den arren, kezka du gaur egun euskarak duen egoeragatik. Gizarteak euskalduna baztertzen duela uste du; «mamu espainiarra» oso indartsua denez, euskaldunok gaztelaniaren menpe gaudela dio.
Donostiako diagnostikoa tristea da, Iztuetaren hitzetan, euskaldunak eta abertzaleak sentitzen diren askok ez dutelako hizkuntzaren aldeko aurrerapausorik ematen. Askok euskara eskolako irakasgai gisa ikusten dutela uste du, eta hori okerreko diskurtsoa dela. Iztuetaren ustez, «euskal curriculuma» behar da, euskaran eta euskal kulturan oinarrituta dagoena. Gaineratu duenez, egoera honek irtenbide bat behar du.
«Neskameen arteko elkarrizketak Euskal Herria gris eta borrokalari horretan kokatzen dira»
Eneko Iztueta Azurmendi, ‘Kontua eta Zikina’-ren egilea
Indibidualismoa nabarmentzen ari den honetan, euskara tokia galtzen ari dela argi dauka autoreak. Saiakerak egin, egin dira. Hala ere, praktikan dago gakoa: «Hizkuntza bat hitz eginez baino ez da existitzen, ezin dugu esan euskaldunak garenik hitz egiten ez baldin badugu», dio Iztuetak. Diskurtsoez gain, beste zerbait behar delako ustea du Iztuetak. Mugitu nahi ez duen harri bati tiraka gaudela dio, eta, honekin batera, Euskararen Egunaren oso zalea ez dela dio. «Euskara arlo guztietan eta urteko egun guztietan bultzatu behar dugu, egunean euskal musika lau aldiz jartzeak ez du ezertarako balio». Hizkuntzaren aldeko giroa sortzea ezinbestekoa da hizkuntzaren biziraupenerako.
Euskal kulturaren susperraldia
Azken urteotan, euskara hutsean lan ugari eta onak argitaratu dituzte idazle askok, eta hori gutxi balitz, beste hizkuntzetan arrakasta handia izan duten liburu ugari euskaratu dira. Giro hori Durangoko Azokan ikus daitekeela uste du Iztuetak: «Euskaldunon kontzientzia ukitzen den aldiro, erreakzio bat dago».
Euskarak bultzada behar du, eta horren kexu da Iztueta: «Baliabide eta erreferente gehiago behar ditugu»
Ordea, herritar asko Durangora bertaratuko dira, baina gero zer? Euskarak bultzada behar du, eta horren kexu da Iztueta: «Baliabide eta erreferente gehiago behar ditugu», nabarmendu du.
Komikia idazteko erreferenteak ezinbestekoak izan zaizkio, horiek bidea ireki baitiote. Izan ere, komikigintza azken zazpi urteotan ikaragarri hazi dela nabarmendu du: «Diru injekzioari eta bekei esker, ilustratzaile berrien proiektuak nabarmendu dira». Iztueta hasiberria denez, ez daki zehazki Kontua eta Zikina komikiak izan duen harrera zenbakietan kalkulatzen. Hala ere, oso pozik dago Iruñean egindako aurkezpena eta datozen egunetan egingo diren aurkezpenengatik. Proiektua hiru pertsonen artean idatzia dagoenez, aurkezpenak kudeatzeko lana banatu dute. «Donostialdean egingo diren aurkezpenen ardura nirea da, Marruman eta Hernaniko Komiki Azokan aurkeztuko dugu, eta Antiguan aurkeztea ere asko gustatuko litzaidake», azaldu du, pozik.
Agustin Linazasoro beizamarrarekin hitz egin dute, baita ere: «Beizaman liburua aurkezteak ilusio handia egingo liguke». Aurretik aipatutako Durangoko Azokan ere aurkezpena egingo dute, eta bertara Iztueta anaiak eta Vieites marrazkilaria joango dira. Euskal Herriko nortasuna gal ez dadin, halako proiektuek bultzada behar dute.




