Behiaren begiradaren alde
Klik-klak. Joseba Parron San Sebastian Menditik paseoan zoazenean, urrutitik begiratzen zaituzte behiek, eta bistatik galtzen zaituzten arte ez diote begiratzeari uzten. Esan ohi da begirada hutsa dela behiarena, baina beti pentsatu izan dut zerbait gehiago dagoela hor atzean: «Zer egiten du tipo honek hemen?».
Zer pentsatuko luke hiriari begiratzen dion behi batek? «Gabonak abenduaren 24an hasten badira, zergatik dago jada hiria ipotxez eta argiz beteta?», «egiten duen hotzarekin, nola egon daiteke jendea kalean lo egiten?», «hau ez al zen Euskararen Hiria?», «tabernetako terrazak askatasuna baziren, jende hau oso askea izango da, ezta?», «Franco duela 50 urte hil bazen, nola liteke haren konplize askok agintzen, epaitzen, enpresak gidatzen eta lerroburuak idazten jarraitzea?».


