Euskararen aldeko «politika ausartak» aldarrikatu dituzte EHEk eta Ikamak
Gutun ofizial bat erregistratzen saiatu dira euskaltzaleak Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan, kanpoan protesta egiten zuten bitartean. Ertzaintzak zazpi kide identifikatu ditu.
Andia kaleko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean egin dute ekintza EHEk eta Ikamak.Beñat Parra Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) eta Ikamako hainbat gazte euskaltzale Eusko Jaurlaritzaren Donostiako Andia kaleko ordezkaritzara joan ziren ostegun arratsaldean, euskararen aurkako oldarraldi judizialaren testuinguruan, “euskarak aldeko politika ausartak behar dituela aldarrikatzeko”.
Hain zuzen ere, zentzu horretan, Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea Otaolearentzako gutun bat erregistratzen saiatu ziren bi kide, beste hainbat kanpoan protesta eta euskararen aldeko aldarrikapenak egiten aritu ziren bitartean. Aldiz, protestako ke poteak piztean, ordezkaritzako ateak itxi zizkieten, “beste behin ere herritarron aldarrikapenei entzungor eginez”, salatu dutenez. Horrez gain, ekintzaren baketsuaren ondoren, Ertzaintzak zazpi gazte identifikatu zituen.

Andia kaleko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean egin dute ekintza EHEk eta Ikamak.Beñat Parra
“Euskaldunok bizi dugun minorizazio gorriaren aurrean, ardura politikoetatik, gaiarekiko utzikeria ikaragarria sumatzen dugu Euskal Herri osoan zehar. Euskara ez dago lehentasunen artean, eta hori onartezina da. Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkarik euskararen aldeko jauzia aldarrikatu izan dute, baina noiz emango da jauzi hori? nola? Jada, atzerapausoak ematen hasiak gara eta ez dugu horri aurre egiteko, ez plangintza ez neurri eraginkorrik ikusten epe laburrera begira”, salatu dute euskaltzaleek.
Era berean, aldarrikatu dute “Euskal Herri euskalduna eraikitze bidean, independentzia ezinbestekoa” dela: “Frantziako nahiz Espainiako Estatuen baitan, ez dugu euskararen biziberritzea bururaino eramaterik lortuko. Horregatik, Euskal Herri aske hori ipar hartuta, euskaltzale oro mobilizatzera deitzen dugu”. Horrela, “bi hitzordu garrantzitsu” nabarmendu dituzte: “Abenduaren 6an, Durangon, Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean, EHEk antolatutako manifestazio nazionala eta abenduaren 11n, Ikamak deituta, Gure hezkuntza euskalduna lelopean, Hego Euskal Herriko ikasleen greba”.


