Gizon bat atxilotu dute hiriko ostatu bateko langile bati eraso egitea egotzita
Bi ertzain, patruilatzen. Artxiboko irudia.Irekia 29 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Donostian, ostatu bateko langile bati eraso egitea egotzita. Ia biluzik eta mozkortuta sartu zen establezimenduko sukaldera.
Asteazkeneko gauean jazo zen gertakaria, 23:40ak aldera, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Ostatuko arduradunek poliziaren presentzia eskatu zuten, ustez, gizon batek emakume bati eraso fisikoa egin ziolako. Berehala gerturatu ziren agenteak.
Bertara iristean, ostatuaren kanpoaldean aurkitu zuten susmagarria, gerritik behera biluzik; bitartean, beste ertzain batzuek biktimari lagundu zioten; 19 urte dauzka honek.
Ertzaintzak adierazi duenez, gizona ostatuaren sukaldera sartu zen, ia biluzik eta alkohol zantzu ageriekin. Emakume hori “lasaitzen eta kanpora laguntzen” saiatu zenean, gizonak haren gainera jausi eta lepoaldetik heldu zion. Lekuko batek esku hartu zuen eta erasotzaileak gaztea askatzea lortu zuen.
Ertzainak ustezko erasotzailea identifikatzen saiatu zirenean, honek “irainak, mehatxuak eta erasoak” zuzendu zizkien, eta horregatik agentek “taldeko kamerak aktibatu zituzten egintzak grabatuta gera zitezen”.
Behin gizonezkoa mendean hartuta, emakumeari eraso egitea eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua egotzita atxilotu zuten, eta komisariara eraman zuten. Epailearen esku utziko dute orain.


