Ibaetako campuseko irakasle baten "diskurtso klasista, arrazista eta matxista" salatu du Jardunek
Ikasleek jarritako kartelak eta pankarta.Jardun koordinakundea Jardun Koordinakundeak azken asteetan salatu du Ibaetako campuseko Filosofia irakasle batek sare sozialen bidez diskurtso klasista, arrazista eta matxistak zabaltzen dituela. “Ez da halako jarrerak erakusten dituen lehen aldia, ordea, ezta sareetara mugatzen den zerbait ere. Izan ere, jakina da bere klaseetan zehar ere adierazpen iraingarri eta diskriminatzaileak egin izan dituela ikasleen aurrean”.
Diotenez, halako jarrerak ez dira “kasu isolatuak”, unibertsitateak “ahalbidetzen dituen eta babesten” dituen jarrerak baitira, irakasleen aurkako protokolorik abiarazi gabe. Hori dela eta, irakasle horren jarrera “seinalatzeaz gain”, ezinbestekotzat jo dute EHUren isiltasuna salatzea. Izan ere, Jardunen esanetan, egoera hau publikoki gaitzetsi beharrean, errektoretzak “isilik” jarraitzeak unibertsitatea irakasle honen “konplize” egiten du; eta horrek argi erakusten du EHU diskurtso faxistei, arrazistei… aterpea ematen dien instituzioa dela. Horren aurrean, “beharrezkotzat” jo dute ikasleak antolatzea eta jarrera hauen aurka borrokatzea
Gogoratu behar da Carlos Martinez Gorriaran irakasleak joan den astean salatu zuela bere kontrako pintaketak agertu zirela campusean, “Carlos Martinez, transfoboa, faxista, matxista eta sionista” zioten. X sare sozialaren bidez honakoa adierazi zuen irakasleak: “Atzera bueltatu gara: irakasleen kontrako jazarpen kanpaina EHUn, zigorrik gabe. Askatasunari uko egiten badiozu segurtasuna izateko, biak galduko dituzu”. Orduko hartan, Jon Insausti Donostiako alkateak Martinezen kontrako mezuak gaitzetsi zituen, eta babesa erakutsi zion: “Ez da pertsona baten kontrako erasoa soilik, askatasun akademikoa mehatxatzeko saiakera bat baizik” eta gehitu zuen “euskal unibertsitatea benetan askea izango da, bertan beldurrik gabe pentsatu eta eztabaidatu badaiteke».


