Jainkoaren bide zuzenetik aldentzen
'Gaua' filma. Filma: Gaua.
Zuzendaria: Paul Urkijo.
Urtea: 2025.
Herrialdea: Euskal Herria.
Euskal mitologiak galdutako izaera berreskuratu zuela erakutsi zigun Paul Urkijok ordura arteko ekoizpen euskal herritar garestiena izan zen Irati (2023) epikoan. «Izena duen guztia bada» lelopean, ahoz aho lehenik, eta liburuetan gero, transmititutako euskal kondaira eta pertsonaiak berreskuratzeko (eta akaso, ezagutzeko) konpromisoz aurkeztu zuen zinemagile gasteiztarrak bere bigarren film luzea. Euskara hutsez errodatua, eta euskal star-system propioa zein heroiaren bidaian ardaztutako kontaketa eredu klasikoa erabiliz, herritarrengana iristeko estrategia ezin hobea diseinatu zuten proiektuaren arduradunek. Sortu zitzaigun galdera, orduan: Irati al da lehen euskal blockbuster-a?
Erantzuna baiezkoa edo ezezkoa izan, gutxik jar dezakete ezbaian gasteiztarra euskal zinema fantastikoaren ordezkari bilakatu zaigula. Basoan (2018), Lanbroa (2023) eta Ehiza (2024) film labur txalotuak zuzendu dituen Aitzol Saratxagararekin batera, gure kondairen eta elezaharren bozgorailu da Urkijo: Gaua, bere hirugarren film luzea, handi eta misteriotsu dator. Irati-ren ekoizpen eredua errepikatu du, eta laminak, jentilak, Mari, Sugaar, Basajaun edo zaldunak agertuko ez diren arren, presente izango dira sorginak, deabruak, akerrak eta akelarreak.
XVII. mendean girotuta, senarrarengandik ihesi hiru emakume maitagarrirekin (Ane Gabarain, Elena Irureta, Iñake Irastorza) topo egingo duen Kattalin (Yune Nogueiras) da istorioko gidaria. Hauek, arropa garbitu bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko esamesak —horien bilduma behartua dirudi batzuetan— partekatuko dituzte, denetan ere neska gaztea protagonista izango delarik: lau ataletan banatuta (1-Gaueko; 2-Inguma; 3-Mateo Txistu; 4-Akelarre), bakoitzak ipuin bat birsortuko du, non erlijioa, sinesmenak, balio kristauak edota debekatutako maitasunak lehen lerrora etorriko diren.
Filmaren kontatze egiturak hautsi egingo du linealtasuna, baina badaude bi elementu enbor bereko adar ezberdinak kateatuko dituenak: iluntasuna eta soinu paisaia. Fantasiazko generoko pelikula ia orotan bezala, tentsio narratiboari eusteko, ikus-entzuleari urruntasun formalarekin kolpatu behar zaio, erakutsi beharrean ezkutatuz, eremuz kanpokoari bizitza eta presentzia emanez. Iradokizunaren geografia deritzona baliatuz, naturaz gaindiko izaki, mehatxu eta izpirituak hor daudela ez ahaztera tematuko da Urkijo, Jainkoaren bide zuzenetik aldentzen den unibertso mitologikoa goratuz.
Euskal Herriko basoetan apenas argituko du egunak, eta hor kanpoan dabiltzanek pozez hartuko dute lanbroak mugatutako ikus-ahalmena. Alerta egoera konstantean egotera behartuko gaituzte zuhaitz artetik datozen orroek zein atsedenik emango ez diguten biolin akorde eutsiek. Baina bat-batean, dantzarako deia luzatuko digute sugarren kraskakek, biluziko dira gorputzak, eta askatuko dira arimak. Botako dugu orduan, beldurti, galdera: «Izena badu, bada?».


