Neguko aterpetxea tenperatura 5 gradutik behera jaitsiko dela aurreikustean irekiko dute
Antiguako La Sirena aterpetxea.Inaxio Esnaola Donostiako Udalak hilaren 15ean jarri zituen martxan etxerik gabeko pertsonei muturreko hotz egoeretan larrialdiko arreta emateko aldi baterako baliabideak. Esaterako, Antiguako La Sirena neguko aterpetxea. Apirilaren 1era bitarte beteko du funtzio hori, eta etxerik gabeko pertsonentzako 100 plaza ditu.
Dena dela, aterpetxea soilik irekiko dute Euskalmetek hirian tenperatura 5 gradutik behera jaitsiko dela aurreikusten duen gauetan. Gainera, aterpetxea 22:00etatik 08:30era egongo da irekita, eta sarrera prozedura egokia dela bermatzeko, txartel bat aurkeztu beharko da. Txartel hori aterpean bertan jasoko da, hotz bolada bakoitzaren irekiera egunean, 10:00etatik 13:00etara. Txartela duen pertsonak eskubidea izango du hotz boladak irauten duen egun guztietarako plaza izateko. Gainera, irekiera gauetan janaria banatuko da aterpean sartzerakoan eta irteterakoan.
Arreta hori hobetze aldera, udalak dio joan den neguan ezarri zen kaleko arreta zerbitzuaren aktibazioak ez duela zerikusirik izango aterpetxeko zerbitzuaren aktibazioarekin. “Zerbitzu hori indartzea komenigarritzat jotzen da, zaurgarritasun handiena duten eta egoera horietan tratamendu berezia behar duten pertsonei zuzendutako arreta baita”, azaldu dute udaleko iturriek.
Tenperatura 5 gradutik behera jaitsiko dela aurreikusten den egunetan, hezitzaile talde bat goizean goiz joango da etxerik gabeko pertsona ahulenek gaua igarotzen duten lekuetara, egoera aztertuko dute, janari beroa eskainiko diete eta zentro batera joateko aukera emango diete, babes neurriren bat hartu behar den baloratzeaz gain. Kostaldean izotza egiteko arriskua dagoen egunetan, hezitzaile taldeak bere jarduna indartu egingo du, pertsona hauskorrenengana hurbilduz, goizeko lehen orduan zein arratsalde-gauean.
Inolako baliabidetara joan nahi ez badute, hotzetik babesteko produktu kit bat emango zaie: lo-zakuak, berokiak, arropa termikoa, eskularruak, buff-a, txanoa, galtzerdiak eta barruko arropa.
Protokoloaren jarraipena egiteko, batzorde iraunkor bat ere sortu da, honako hauek osatua: Gizarte Ekintza zerbitzua, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Donostiako Suhiltzaileak (herri babesa), Grupo 5, SOS Deiak, DYA eta Osakidetzako Larrialdiak.
Baliabide iraunkorrak
Udalak nabarmendu du neguko protokoloa “prestazio osagarri bat” dela, 365 egunetan etxerik gabeko pertsonei arreta integrala eskaintzen dietelako: 200 harrera plaza baino gehiago eta elikadura eta eguneko arreta programak.
Etxerik gabeko pertsonentzat urte osoan dauden baliabide iraunkorrez gain, Gizarte Ekintza Zerbitzuak protokolo zabala du, harrera eta arretarako hainbat baliabide aktibatzen dituena, neguko muturreko eguraldiak kalean gaua igarotzen duten pertsonen osasunean ondorio kaltegarririk izan ez dezan.
“Gaur egun, Donostia da lurralde osoan bazterketa-egoeran dauden pertsonentzako baliabide gehien eskaintzen dituen udalerria, eta Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Zorroak ezartzen duen eskaintza guztia duen udalerri bakarra da, baita udalen zuzeneko eskumenekoak ez diren beste baliabide osagarri batzuk ere”, azaldu du udalak.


