«Pelikula batzuek nire parte txiki bat salbatu dute»
Betidanik nahi izan du Maren Zubeldiak (Parte Zaharra, kaia, 1995) zinema zuzendari izan; gaur egun, zuzendari laguntzaile lanetan ibiltzen da filmaketetan, eta Silvina Guglielmottirekin ondutako bere lehen film laburra aurkeztuko du bihar, Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian: 'Ultramarino'.
Maren Zubeldia, Donostiako kaian. Joseba Parron San Sebastian Zuzendaria, gidoilaria… zer gehiago zara?
Orain arte, zinema munduan ibili naiz, gehienbat, zinema jaialditan. Zinegoak-en egin dut lan, —Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdian—, besteak beste. Programazio lanetan ibiltzen naiz hor, laburmetraiak programatzen. Filmaketetan, aldiz, zuzendari laguntzailea naiz. Zinemaldian ere egiten dut lan…
Betidanik nahi izan dut zinema zuzendari izan. Zinema egin nahi baduzu, pelikulak ikusi behar dituzu. Begia hezteko modu bat da. Gustatzen zait zinema egitea, baina baita ikustea eta zinemaz hitz egitea ere.
Zuzendaritza departamentuan konturatu naiz, zinema, azkenean, ez dela inolaz ere indibidualki egin daitekeen zerbait; esperientzia kolektibo bat da, eta bakarrik ezin da. Orain gure lehenengo film laburra estreinatuko dugu, baina, agian, noizbait, luze bat zuzentzeko gogoa edukiko dut.
Produkzioa eta kameren atzekoa «ikusten ez den artea» da.
Ikusezinak diren lanak dira askotan, bai. Produkzioko departamentukoak lehenengoak dira set-era iristen eta azkenak dira joaten. Gidoi bat gauza bizia da, eta zu ere bizitasun horretara moldatu behar zara. Ez zaizu inoiz aterako pentsatu duzun bezala erabaki asko hartu dituzulako, baina behin filmatzen hasten zarenean, segur aski, zerbaitek alde egingo dizu. Momentu horiek ere magikoak dira; batzuetan ezustekoan datoz, eta hoberako.
Zein balio, estetika edo ikus-entzunezko helburu nagusi landu nahi dituzu zure lanetan?
Silvina Guglielmottik [beren azken laneko beste zuzendaria] eta biok elkar ezagutu genuenean, bazegoen gai bat asko kezkatzen gintuena: genero ikuspegia. Ikusten dugu badagoela halako olatu bat azkenaldian, Hazte Oír taldeak eta eskuindarrek mugitzen dituzten kanpaina horiek, genero aniztasunaren kontra doazenak. Pentsatzen dugu edozein gorputz dela baliogarria, polita, perfektua eta edozein gorputzek duela eskubidea izateko. Aditzera eman nahi genuena zen gorputzak direla ondo daudenak, eta sistema dela ez dagoena ondo. Gorputz bat egokitu behar izaten da sistemara, baina alderantziz izan beharko luke.
Zertarako balio du zinemak, gaur egun?
Dauzkagun erreferenteek markatzen dituzte gure erabakiak, gure izaera, mundua ikusteko modua, eta zinema ikasten hasi nintzenean konturatu nintzen nik zineman nituela erreferente asko. Pelikula batzuek nire parte txiki bat salbatu dute. Uste duzunean bakarrik zaudela zerbaitetan, edo gertatzen zaizun hori soilik zuri gertatzen zaizula, babestuta sentitzen zara pelikularen batean zurearen antzeko istorioa duen pertsonaia bat ikustean. Nik babes hori zineman topatu dut. Erreferenteak bilatzen ditut, eta asko gustatuko litzaidake guk egindako pelikulekin erreferente berriak sortuko bagenitu.
Euskal Herrian pisu handia duten filmen atzean egon zara. Azkena, Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi duen ‘Los Domingos’.
Alauda Ruiz de Azua kristoren zuzendaria iruditzen zait, Querer eta Cinco lobitos ere egin genituen elkarrekin. Oso emakume fina da, zorrotza, begi ona dauka… nik asko miresten dut. Los Domingos ez da pelikula sinple bat zuzendaritza aldetik, ez arte, ezta produkzio aldetik ere. Aktore asko daude, oso korala da. Zuzendaritza departamentuan elkarlan handian aritu ginen, eta oso pozik eta oso nekatuta amaitu genuen. Alaudak edozein proiektutarako deitzen badit, ni barrura!
Baduzu proiektu kuttunen bat?
20.000 especies de abejas asko defendatzen dudan proiektu bat da. Talde txikia ginen, uda batean filmatu genuen, haur batekin (beti dela delikatuagoa haur batekin filmatzea), haurraren lehen pelikula zen, zuzendariaren lehen luzea ere bai…
Hori izan zen oraingo zuzendari postu honetan egin nuen lehen filma. Sekuentzia bereziak zeuden; familia dramak daudenean, askotan, oso pelikula koralak dira eta niri aktoreekin egotea asko gustatzen zait, asko interesatzen zait aktore zuzendaritza. Eta Estiren [Urresola] moduko zuzendari baten ondoan lan egitea oso aberasgarria da niretzat. Nire erreferenteak dira, bai Alauda, baita Esti ere.
Orain, ‘Ultramarino’ estreinatuko duzue. Zazuren dilema hurbila da gure belaunaldiko jende askorentzat.
Iruditzen zait gauza askotan aurrerapauso asko eman ditugula gizarte gisa, baina badauzkagu gure kulturan oso markatuta dauzkagun tradizio batzuk. Gizonek rol bat dute eta emakumeek beste bat. Sistemak esaten dizu, jaiotzez, emakumea baldin bazara zer egin behar duzun eta gizona baldin bazara zein jarrera eduki behar duzun.
Ultramarino-n pertsona ez binario baten istorioa kontatuko dugu, esanez batzuetan gorputz bat ez dela ez maskulinoa ezta femeninoa ere; gorputz bat gorputz bat dela eta sistema binarioa dela ez dagoena ondo planteatua.
Gure istorioan, Zazuk —Aranzazu izena dauka, jaiotzez—, ez du bere herriko jaietan ospatuko den jarduera tradizional baten parte izan nahi, ez duelako gizon edo emakume rola aukeratu nahi. Bere etxean, hala ere, bere erabakia da babesten dutena: «Galtza ala gona; nahi duzuna, baina erabaki».
Filmak gazte izatearen konplexutasuna erakusten du. Zuretzat zer esan nahi du «nortasuna eraikitzen» ari den pertsona bat pantailan irudikatzeak?
Zai Arakistainekin [protagonista] zorte handia izan dugu, asko lagundu digu bera ere horrelako identitate bat sortzen ari delako. Ez dugu edozein aktore gazte hartu, Zaik ere planteatu ditu genero ikuspegitik gauza asko, eta horrek asko lagundu digu. Eta nerabe baten historia irudikatzea garrantzitsua iruditzen zait, erreferenteak bilatzen ditugun etapa delikatuago bat delako.
Zer ekarpen egiten du film honek gaur egungo gazteen identitatearen inguruko eztabaidan?
Identitate ez binario baten erreferentzia bat eraikitzen. Jende asko gara zalantzan jartzen ditugunak sistema honek eskatzen dizkigun rol eta genero markagailu asko. Gure helburua zen norbait bakarrik sentitzen bada honetan, Zazurengan erreferente bat aurkitzea.
Herriko ospakizun tradizional bat da filmaren testuingurua: tradizioak nortasuna babesten du ala mugatzen du, zure ustez?
Agian, biak. Ez zaio inori gustatzen desberdina izatea. Euskal Herria eta bere kultura tradizioz beteta dago, eta film hau lantzen konturatu gara, nola herrietan gizarte baten parte izateko tradizioaren parte ere izan behar dugun. Baina, aldi berean, mugatu ere egiten zaitu, zalantzan jartzen dituzulako tradizio horrek eskatzen dizkizun parametroak. Hor dago jolasa.
‘Ultramarino’ noizkoa da: gaurkoa, atzokoa ala biharkoa?
Pixka bat atenporala da. Ez dugu mugikorrik sartu nahita, baina ez nuke esango ezta ere 1950eko hamarkadakoa denik. Feminismoak pisu handia dauka, adibidez. Mugimendu batzuk daude gaur egungoak direnak gehiago, baina kutsu atenporal bat eman nahi izan diogu estetikoki ere gustatzen zitzaigulako. Hala ere, uste dut gehiago dela gaur egungoa, duela 50 urtekoa baino, planteatzen diren gaiengatik.
Zinebi jaialdian estreinatuko duzue. Zinemaldi bat gehiago al da erakusleiho edo topaleku?
Guretzako, Zinebi oso berezia da. Nire lehen esperientzia izan zen jaialdi batean, eta film labur hau altxatzen hasi ginenean, Emakume Zinegileen Elkarteak (HEMEN) antolatzen duen Aukera saria irabazi genuen. Sari hori irabazteari esker lortu genuen Bilboko ekoiztetxe batekin lan egiteko aukera, eta lantaldeko jendea ere bilbotarra da; guretzako bada etxean estreinatzea. Jende asko etorriko da, eta azkeneko sekuentzietako figurazio asko gure lagunak, familia eta zinemaren munduko lagunak dira. Ilusio handiarekin erakutsi nahi diegu denona den lan hau. Egin dugun guztiona delako.
Streaming plataformak, ikusle ohiturak, pandemia osteko testuinguruak… Nola aldatzen ari da, zure ustez, ikus-entzunezko panorama?
Lehen, jendea gehiago joaten zen zinemara. Nik, pertsonalki, nahiago dut zinemara joaten jarraitu, asko disfrutatzen dut. Esperientzia diferentea da; ilaran itxaroten duzu, sarrera erosi, esertzen zara… hor zaude. Etxean eta pantaila txikian gauzak ez dira berdin ikusten. Eta noski ikusten ditudala pelikulak etxean. Baina saiatzen naiz, astean behin bada ere, zinemara joaten.
Zein film edo momentu zinematografikok aldatu zuen zure bizitza?
Lucrecia Martel zinegile argentinarraren La Cienaga-k asko markatu ninduen, eta bere edozein pelikula gomendatuko nuke, zalantzarik gabe. Celine Sciamma frantziarraren filmografia guztia ere gomendatzen dut.
Nola ikusten duzu tokiko film produkzioaren eta sortzaileen egoera?
Azken urte hauetan zerga pizgarriak egon dira Euskadin. Horiek dira gobernuak ematen dizkizun laguntza batzuk, zuk aurrekontuaren zati bat gehiago justifikatu ahal izateko. Azkeneko hiru edo lau urteetan, filmaketa asko ikusi dira hemen inguruan; jende asko etortzen ari da kanpotik hona filmatzera, horiei esker.
Pertsonalki, euskal zineman lan egiteko apustua egin dut, nahiago dudalako bertan lan egin. Ez dut baztertzen momenturen batean kanpoko jendearekin lan egitea, eta egin izan dut. Nahiko nukeena da gero eta industria potenteago bat eduki. Zinema bada gure gizartea islatzen duen tresna kultural bat, eta iruditzen zait oso inportantea dela pelikulak egitea.
Zure ustez, azken urteotan pelikulek sortzen duten eragin publikoa nahikoa al da?
Gaur egun, agian, ez. Galdetzen badiozu jende gazteari zenbat aldiz joaten den zinemara, edo noiz izan zen joan zen azkeneko aldia, konturatzen zara ez dela nahikoa. Adibidez, hemen, Zinemaldiak oihartzun handia dauka; horrelakoetan ikusten dituzu urtean zehar zinema komertzialetan ikusten ez dituzunak, aniztasun handia dago pelikuletan… bakoitzak txoko desberdinetan topatzen ditu bere babeslekuak. Primeran egongo zen zinema berriro modan jartzea; ostegunean denok zinemara, pintxo-potera beharrean! [barreak]
Inoiz sentitu duzu, Zazuk bezala, bi munduren artean aukeratu behar izan duzula?
Denbora guztian, txikitatik. Askotan jarri ditut zalantzan rol asko. Askotan dauzkagu jarrera asko ikasi ditugunak eta ez berezkoak dauzkagunak, eta horregatik, nik uste, argi dago edozein gizarte binarioa dela. Berdin du zein klase sozialekoa zaren, zein herrialdetakoa, zein familiakoa… segur aski izango zara emakume edo gizon.
Intersexualitateaz, adibidez, ez da hitz egiten. Hori da gorputz bat jaiotzen denean biologikoki sexu aparatu «anbiguo» batekin. Eta esku hartzen dute, emakume ala gizon izateko. Norbaitek aukeratzen du zuk zeuk aukeratu baino lehen.
Eta, kamerak itzaltzen direnean, nor da Maren?
Itsasoan egotea gustatzen zaion pertsona bat. Lagunekin eta familiarekin egoten dena, pertsona kurioso bat. Pelikulak ikustea gustatzen zaiona, bidaiatzea.
Zinema munduan ordu asko sartzen ditugunok, hurrengo egunean esnatzerakoan galdetzen diogu geure buruari: «Eta nik zer egiten nuen nire bizitzarekin?» Errealitate paralelo bat da, ordu asko dira. Burbuila hori lehertzen denean, zer? Horrela ikasi dut, nire bizitza gustatzen zaidala




