Surphase, iLine Microsystems eta EHUko Kimika Fakultatea aurtengo DonostiaINN sarien irabazleak
X Donostia INN Enpresa berritzaileen Sarien irabazleak.Donostia Sustapena X. DonostiaINN Sarien irabazleak ezagutarazi zituzten ostegun arratsaldean Maria Cristina hotelean. Hiriko berrikuntza ekosisteman “funtsezkoak” diren hiru eragileren ibilbidea eta ekarpena aintzatetsi zuten: Surphase, iLine Microsystems eta EHUko Kimika Fakultatea. Ekitaldi horrekin amaitu zuten Donostia Sustapenak zientzia, teknologia eta enpresa arloetako hiriko erakundeekin elkarlanean aurrera eramandako XII. Berrikuntza Astea.
Surphasek Enpresa Berritzaile Gaztea saria eskuratu zuen. Iliane Rafaniellok eta Thomas Schäferrek 2018an sortua, enpresak punta-puntako teknologia garatzen du edateko ura sortzeko azpiegituretan uraren arazketaren efizientzia optimizatzeko. Patentatu duen teknologiak alderantzizko osmosirako mintzen garbiketa hobetzen du, ur, energia eta produktu kimikoen kontsumoa murrizten baitu; uraren erabilera jasangarria eta arduratsua bermatzeko premiari erantzunez.
iLine Microsystems, berriz, Enpresa Berritzaile Finkatua sariaren irabazlea izan zen. Iñaki Sadabak eta Jon Peonek 2007an eratutako enpresa bioteknologikoa, in vitro diagnosia egiteko doitasun handiko gailuen garapenean eta fabrikazioan berezitua da. Pazienteen bizi kalitatea hobetzea helburu duten produktu berritzaile eta fidagarrien garatzaile da, eta odolaren koagulazioarekin zerikusia duten gaixotasuna monitorizatzeko soluziobideengatik aintzatetsi dute.
Azkenik, EHUko Kimika fakultateak aintzatespen berezia jaso zuen, ikerketa eta berrikuntza arloan lan garrantzitsua egin, eta horri esker, hiriko ekonomian duen eraginagatik. Bere laguntza erabakigarria izan da lehenengo mailako ekosistema zientifikoa garatzeko eta Donostia ikerketaren nazioarteko mapan kokatzeko. 200 profesional inguru eta egunean mila pertsonatik gora biltzen dituen komunitatearekin, oinarria izan da hiriko zientzia-zentro estrategikoak sortzeko orduan.
Jon Insausti alkatea, Ekonomia eta Tokiko Enplegurako zinegotzi Ane Oiarbide edota Donostia Sustapeneko zuzendari Iñigo Olaizolaz gain, ekitaldian hiriko berrikuntza-ekosistemako erakunde ugari izan ziren, baita Turin, Espoo, Grenoble, Porto edo Bolonia bezalako hirietako ordezkariak ere, zeinekin berrikuntzaren Europako hiri ertainen sare bat ehuntzen ari den. Andre Sobczak, EUROCITIESeko idazkari nagusia, edo Manuel Heitor, Horizonte Europaren tarteko ebaluazioari buruzko Europako Batzordeko Aditu Taldeko presidentea ere bertan izan dira.


