«Erresistentzia feminista» aldarrikatuko du mugimendu feministak Azaroaren 25ean
19:00etan abiatuko da Donostiako Asanblada Feministak deitutako manifestazioa, Bulebarretik. Itaia emakumeen antolakunde sozialistak ere manifestaziora deitu du, 18:30erako.
2024ko Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko Donostiako mobilizazio feminista.Joseba Parron San Sebastian Bihar, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna izango da, eta, urteroko legez, kaleak hartuko dituzte ehunka herritarrek, indarkeria matxistaren aurka.
Euskal Herriko mugimendu feministak Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista leloa aukeratu du aurten egun horretan kaleak hartzeko, eta aldarrikapen argi horrekin aterako dira kalera Donostian ere. Hain zuzen ere, 19:00etan abiatuko da Donostiako Asanblada Feministak (DAF) antolatutako manifestazioa, Bulebarretik. “Aurten, bereziki, fokua jarriko dugu gure egunerokoan indarkeriak dituen hamaika formetan. Horiek sostengatzen dituzten egiturak, konplizitate sareak eta anaidiak salatzera aterako gara kalera”, azaldu zioten hedabide honi joan den astean DAFeko Elene Lopetegik eta Maialen Gomezek.
Bestalde, Itaia emakumeen antolakunde sozialistak ere mobilizaziora deitu du, Indarkeria matxistaren aurka, kaleak hartu lelopean. 18:30ean hasiko da Donostiako manifestazioa, Bulebarretik. Indarkeria matxistak emakumeen “eguneroko errealitatea” izaten jarraitzen duela salatuko dute, besteak beste, baita “ideia faxisten zabalpenak matxismoa normalizatzea” dakarrela ohartarazi ere.
Horrez gain, Donostiako Udalak Ez ikasi lelodun kanpaina jarri du martxan Azaroaren 25aren harira, desberdintasunak indartzen dituzten ideiak eta jarrerak desikasteko, zalantzan jartzeko, generoak errespetatzeko, elkarbizitza indartzeko eta libreki pentsatzeko irakasten den hezkuntza espazioa lortzeko helburuarekin.


