Manex Mujika bertsolariak irabazi du Bilintx Saria
Bilintx Sariko finalistak, Guardetxean.Bilintxi Balantxa Manex Mujika bertsolariak irabazi du lehenengo Bilintx Saria, Donostiako bertsolarien arteko txapelketa. Ostiralean, hilaren 21ean, jokatu zuten finala, Urgulleko Guardetxean, Aitor Etxebarriazarraga, Andoitz Urdapilleta, Irantzu Idoate, Peru Aiartza, Manex Mujika eta Eki Mateorena bertsolarien artean.
Etxebarriazarraga eta Mujika heldu ziren amaierako buruz burukora, eta, aipatu moduan, Mujikak jantzi zuen txapela. Idoate gelditu zen hirugarren, Aiartza laugarren, Urdapilleta bosgarren eta Mateorena seigarren.
Bilintxi Balantxa Bertso Elkarteak antolatu du Bilintx Saria, eta elkarteak azaldu duenez, Guardetxera joan ziren 50 entzuleek “giro beroa sortu zuten eta bertsolariek ere, hasieratik, modu berean erantzun zioten, saio eder bat osatuz”.
“Aurten, lehen aldiz antolatu den Bilintx Sarian, Donostian jaio edo bizi diren hemezortzi bertsolarik hartu dute parte eta finalean bezala, kanporaketetan ere entzuleen erantzuna aparta izan da. Aurtengo erantzuna ikusita, Bilintxi Balantxa Bertso Elkarteko kideek hurrengo urtetan edizio berriak antolatzeko asmo irmoa agertu dute”, gaineratu du elkarteak.


