Erresistentzia feminista aldarrikatu du mugimendu feministak, «konplizitate sareen aurrean»
Eguraldi txarra ez da oztopo izan ehunka feministarentzat, eta, aurten ere, kalera atera dira Donostian, Azaroaren 25aren bueltan, indarkeria matxista salatzeko.
Eguraldi txarrari aurre eginez, feminista ugari atera dira kalera Azaroaren 25ean.Joseba Parron San Sebastian Euskal Herriko mugimendu feministak eta Donostiako Asanblada Feministak deituta, ehunka pertsona atera dira kalera astearte iluntze honetan Donostian, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean. Eguraldi txarra dela eta, ez da beste urte batzuetako Azaroaren 25etan bezain mobilizazio jendetsua izan, baina, hala ere, ehunka feministak hartu dituzte erdiguneko kaleak.
Bulebarrean hasi eta bukatu dute manifestazioa, eta iazko Azaroaren 25etik gaur arte eraildako sei emakumeak gogoratuz hasi nahi dute amaierako irakurketa, txalo artean: “Euskal Herriko mugimendu feministatik maitasun osoz gogoratzen zaituztegu, ez zaituztegu bakarrik utziko”. Era berean, Palestinako herria eta hango feministak ere izan dituzte gogoan: “Besarkada bat bidali palestinar herriari eta bertako feministei. Era berean, gobernuek Israelekin dituzten harremanak eteteko exijitzen dugu eta Israeli boikot egiteko deia egiten dugu. Besarkada bana ere munduko beste hainbat herrialdeetan borrokan ari zareten feministei; Sahara, Sudan…”.
Konplizitate sareak jomugan
Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista izan da aurtengo leloa, eta, hain zuzen ere, horretan jarri dute fokua irakurketan: “Indarkeria matxista beste hamaika formetan ikus dezakegu gure egunerokoan, eta aurtengoan horiek sostengatzen dituzten egiturak, konplizitatea sareak eta anaidiak salatzera aterako gara kalera. Izan ere, emakume*, trans eta bollerok jasaten dugun indarkeria ez da ausazkoa. Sistema kapitalista zisheteropatriarkal arrazista eta kolonialak askotariko egiturak eta mekanismoak ditu martxan gure gorputz eta lurraldeetan indarkeria betikotzeko eta, hala, sistema betikotzeko”.
Gaineratu dutenez, “egun, eskuinetik nahiz ezkerreko sektore erreakzionarioetatik oldarraldia” salatzen ari dira feministak: “Gorrotozko diskurtsoak eta feminismoaren kontrako diskurtsoak inpunitate osoz zabaltzen ari dira, sareetan, komunikabideetan nahiz kaleetan; feministon kontrako mezuak, mezu transfoboak, mezu arrazistak, eta beste. Are gehiago, azkenaldian, Euskal Herriko hainbat txokotan erasoak publikoki salatzera atera garenean ere, boikoteatu gaituzte eta gutxietsiak izan gara, gure aldarriei eta ekintzei zilegitasuna kendu dietelarik. Eta hori egin dutenak, inguruan ditugun gizonak izan dira, haien konplizitate eta anaidia egiturak lagun. Erasotzaileak eta antifeministak ez dira izaki abstraktu bat, inguran ditugun gizonak dira”.
“Konplizitate eta anaidia sare” horiek, nabarmendu dutenez, “paktu patriarkalak dira”: “Konplizitate eta isiltasun sareak dira, eta bertan gizonez gain, bestelako egiturek ere parte hartzen dute; indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartzen ez dituzten erakundeak, alegia, eta tartean, justizia sistema, non babesgabe eta inongo sinesgarritasunik gabe uzten gaituen etengabe. Eta horrek, eragin zuzena du kalean bizi dugun oldarraldiarekin, eta geroz argiago inpunitate osoz zabaltzen ari diren diskurtso faxistekin”.
Ildo beretik, gogor salatu dute “askok feminismoa eta indarkeria matxistaren aurkako diskurtsoa darabiltela bestelako gorrotozko mezuak zabaltzeko, arrazakeria zabaltzeko, adibidez. Mugimendu feministaren borroka antirrazista izan behar dela argi dugu, eta arrazakeria zabaldu nahi dutenen aurrean ere antolatuta egongo garela adierazi nahi dugu. Eta, era berean, sistema arrazista eta kolonialista betikotzen dituzten egiturak salatzen jarraituko dugu, tartean, berau sostengatzen dituzten legeak deuseztatzeko eskatzen ere, Atzerritarren Legea, kasu”. “Legearekin jarraituz, duela egun gutxi Gasteizen izandako beste epaiketa bat ekarri nahi dugu gogora. Izan ere, lehen aldiz, abortuaren aurka abortatzeko kliniken parean jartzen diren talde ultrakatolikoen aurkako epaiketa bat hasi zen […]. Urteetan aldarrikatu bezala, gure gorputza gure erabakia da!”, gehitu dute.
Horren guztiaren aurrean, “erresistentzia feministarako deia” egin dute: “Segi dezagun antolatzen eta kaleak hartzen, segi dezagun autodefentsa feminista aldarrikatzen eta gauzatzen; kaleetan, etxeetan, lantokietan, jai guneetan… Erantzun diezaiogun indarkeria sostengatzen duten haien konplizitate sareei, horien aurka borrokatzen duten konplizitate sare feministekin”.


