La Sirena aterpetxea negu eta urte osoan irekitzeko eskatu dute KASek eta Harrera Sareak
La Sirena aterpetxea irekitzearen aldeko pankarta bateko artxiboko irudia.Hiritarron Harrera Sarea Udalak abian jarri ditu etxerik gabeko pertsonentzako neguko baliabideak, baina, urteroko legez, Ondarretako La Sirena aterpetxea ez dago egunero zabalik. Horren aurrean, Donostian ehunka pertsona kale egoeran daudela kontuan izanik, udalaren jarrera salatu dute Kaleko Afari Solidarioak taldeak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sareak: “Ez, La Sirena ez dago irekita. Beste urte batez, udala kontrakoa adierazten saiatu den arren, La Sirenak itxita dirau. Nola azal daiteke egun hauetan bizi dugun hotzarekin ‘hotzaren lokala’ deritzona itxita eta hutsik egotea? Norentzat eta noiz irekiko da?”.
Eragileek gogorarazi dute, hain zuzen ere, “urtean gau gutxi batzuetan soilik” ireki ohi dutela Ondarretako zerbitzu hori: “La Sirena prest eta hutsik egon arren, ez da irekiko Euskalmetek kostaldean izotz arriskua dagoela adierazi arte; beraz, urtean gau gutxi batzuetan bakarrik irekiko ditu ateak, hau da; baldintza meteorologiko zorrotz horiek betetzen diren gauetan. Gaur egun, eta iazko azken zenbaketaren arabera, Donostian kalean lo egiten duten 500 pertsonatik gora daude”.
Ildo horretatik, kale egoeran daude pertsonek dituzten beharrak oso handiak direla deitoratu dute: “Harrera Sareari oso gogora egiten zaigu izaten ari garen manten eskaera handia, pertsona batzuek ez baitute hotzetik babesteko manta bat ere. Euri egun bakar baten ondoren, askok berriro arropa eskatzen digute, egun batzuk lehenago eman genien arropa guztiz bustita eta erabilezina ekartzen digutelako. Bestalde, tenperaturek behera egiten dutenean, arroparen eskaria handitu egiten da eta arropa beroagoak eta sendoagoak eskatzen dizkigute hotzetik babestu ahal izateko. Era berean, Kaleko Afari Solidarioetatik, frustrazio handia sentitzen dugu, afaltzeko plater beroa jaso ondoren (hiriko askorentzat eguneko plater bakarra), pertsonak kalean beste gau hotz bat pasatzera nola joaten diren ikustean”.
“Premiazkoa”
“Udalak adierazi duenez, tenperaturak bost gradutik behera jaisten diren gauetan, ‘zaurgarrienen’ zerrendan dauden pertsona talde murriztu batek soilik —gutxiengo batek, udalaren datuen arabera— izango dituzte hotzetik babesteko zerbitzuak eta osagarriak. Eta gainontzekoak zer? Ez al dute babes bera merezi? Ez al dute merezi arreta bera izate edo aterpe duin bat izatea?”, salatu dute KASek eta Harrera Sareak, baita nabarmendu ere “premiazkoa” dela “La Sirena modu iraunkorrean irekitzea, bereziki neguan eta baita urte osoan zehar ere. Ez dago tragedia bat gertatu arte itxaron beharrik: gauero baldintza horiek jasaten dituztenek pairatzen duten narriadura fisiko eta emozionala jada tragedia da”.
Azken urteotan, egoera bera errepikatu da neguero, eta, horregatik “deialdi larri eta ito bat” zabaldu dute eragileek: “Zoritarrez, komunikatu hau urtez urte errepikatzen da. Gure hiriko kaleetan gertatzen den errealitateaz kontzientziatzeko deialdi larri eta ito bat da hau, La Sirena bezalako espazio bat izanik, borondate politiko faltagatik neguaren zatirik handienean itxita jarraitzen baitu La Sirena negu eta urte osoan zabaldu!”.


