Saretuzek «bizitza zaintzeko opariak» banatuko ditu doan, 'Black Friday' egunean
Ostiralean, hilaren 28an, Saretuz Donostiako Kontsumo Arduratsu eta Eraldatzailearen Sareak herritarrak inplikatzeko kale ekintza bat antolatu du. Black Friday eguna dela eta, “kontsumoarekin harremantzeko beste modu batzuk” ikusaraziko dituzte “bizitza erdigunean” jartzeko.
Opariak opari lelopean, Saretuzek doako opari banaketa antolatu du, jasangarritasunaren eta elkarrekiko laguntzaren aldeko praktikak erakusteko. Helburua da neurrigabeko kontsumismoak gizartean eta ingurumenean duen eraginari buruz gogoeta egitera gonbidatzea, batez ere erosketa konpultsiboak markatutako data horretan.
Ekintza Loiola kalean izango da, 17:00etatik 18:00etara. Bertan, Saretuzeko boluntarioek opariak oparituko dituzte, bizitzaren zaintza proposatzen duten opariak. “Gure artean ospatzeko eta harremanak izateko beste modu batzuk badaudela erakutsi nahi dugu, erosteagatik erosteko dinamikan erori gabe. Gu zaintzea, denbora, ezagutzak eta baliabideak partekatzea ere opariak dira, eta izugarrizko balioa dute “, adierazi du elkarteak.


