Zabaltza jubilatuen elkartearentzat irtenbidea «urgentziaz» bilatzeko eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari
Hainbat herritar, Zabaltza erretiratuen elkartean denbora pasatzen.Maitane Aldanondo Gabilondo EH Bilduren udal taldeak Groseko Zabaltza jubilatuen elkarteari buruzko mozio bat aurkeztuko du azaroko udalbatzarrean (hilak 27), elkartearentzako “irtenbide bat emateko konpromiso bat hartu dezan ez ezik, bete dezan eskatzeko” udal gobernuari. “Groseko Zabaltza jubilatuen etxea hilabeteren buruan itxiko duela iragarri ondoren, eta EAJ eta PSE-EEren udal gobernu honek gaur egun ezagutzen dugun proiektuaren bideragarritasuna bermatuko duen alternatibarik mahai gainean jarri ez duenean (lau hamarkada dira etenik gabe egitasmoak martxan dela), EH Bildutik irtenbide bat bilatzeko premia berresten dugu, izan ere, Zabaltza ixteak, de facto, ezinbesteko funtzio soziala duen etxe honen desagerpena dakar”, nabarmendu du koalizioak.
Halaber, oposizioko taldea “larrituta” agertu da Gizarte Ekintzako zinegotzi Mariaje Idoetak udal batzordeetan esandakoarekin: “Proiektua iraunarazteko B planik ez dagoela berretsi dute, eta are larriagoa dena, ez dago zerbitzu guztiak barne hartuko dituen beste lokal baten aurreikuspenik. Izan ere, hasieran buruan zuten aukerak, Oiartzun kalean kokatutakoak, ez ditu baldintza teknikoak betetzen eta bideraezin bihurtzen du. Kezkagarria da iragarri eta urte batzuetara baieztatzea hau”.
Auzoan kezka sortu duen auzia da Zabaltza elkartearena, eta, hain zuzen ere, elkarteari babesa adierazteko eta gaia sozializatzeko auzo batzarra egin zuten astelehenean Zabaltzan bertan Hondarpe auzo elkarteak eta Zabaltza elkarteak, 80 bat auzotarren parte hartzearekin.
Horrela, hiru eskaera egingo dizkio EH Bilduk udal gobernuari udalbatzarrean: “Lehenik, Zabaltza erretiratuen egungo egoitzaren alternatiba izango den toki bat aurki dezala urgentziaz, elkarteak gaur egun bertan egiten dituen jarduera guztiak egiten jarraitu ahal izan dezan, kafetegi-jatetxekoa barne; bigarrenik, Gros auzoko Zabaltza jubilatuen etxeari 2026an zehar behin betiko konponbidea emateko konpromisoa hartzeko eskatzen zaio udal gobernuari; eta, hirugarrenik, EAJ eta PSE-EEren gobernu taldeari eskatzen diogu Zabaltzako zuzendaritza batzordeari unean uneko informazioa eman diezaiola honen guztiaren inguruan egiten diren kudeaketa eta urratsei buruz”.


