Adegiren aurkako ekintza egin du Jarkik: «Langileon odolaren fruituak jabe eta enpresarien poltsikoak elikatzera doaz»
Adegiren Donostiako egoitzan pintaketak egin ditu Jarki antolakundeak.Jarki Adegi Gipuzkoako Enpresaburuen Elkartearen Donostiako egoitza pintura gorriz zikinduta eta Euskal Herri langilearen etsaiak lelodun pintaketarekin agertu zen astelehenean. Lehenengo orduetan, ez zuen inork aldarrikatu ekintza, baina, asteartean, Jarki antolakunde iraultzaileak aldarrikatu zuen, abenduaren 6rako Durangon (19:00) antolatu duten manifestazioan parte hartzera deitzearekin batera.
Espainiako Konstituzioaren Eguna da abenduaren 6a, eta, hain zuzen ere, horretan jarri dute fokua ekintzaren aldarrikapen oharrean: “Legearen aurrean denak berdinak garen estatuan, bereizketa argia da, Konstituzioak jabeen eta langileon arteko muga garbia ezartzen baitu. Jabetza pribatua aipatuta agertzea ez ezik, honen babesaren gainean eraikia da Espainiako Erresumako legedia”.
Salatu dutenez, Espainiako Konstituzioak “botere publikoetan kokatzen du enpresa askatasuna eta merkatu ekonomiaren babesa. Kapitala ez da hautua edo askatasunaren adierazpena, halabeharrez birproduzitu beharreko logika baizik”. “Jabeen mesede eta interesak betikotzeko idatzitako dokumentu legala dugu Espainiako Erresumako oinarria. Lana betebehar eta eskubide gisa zehaztuta, langileon odolaren fruituak jabe eta enpresarien poltsikoak elikatzera doaz bideratuta. Ez baitago zalantza izpirik dominazio harremanak eta esplotazioa sustatzen duten bete beharreko artikuluak sakrosantuak direla, eta etxebizitza duinaren eskubidearen modukoak izaera estetikoa izatera mugatzen direla. Jabeenak baitira eskubideak eta langileonak betebeharrak Espainiako Erresumaren demokrazian”, gaineratu dute.



