2026ko Donostiako udal aurrekontua onartu dute, 494,5 milioi eurokoa
494.456.134 milioi euroko udal aurrekontua onartu du Donostiako Udalbatzak, "inoizko sozialena", Jon Insausti alkatearen hitzetan. EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Donostiak osoko zuzenketak aurkeztu zituzten, baina EAJk eta PSE-EEk euren gehiengoa baliatu dute horiek atzera botatzeko.
2026ko udal aurrekontua onartzeko udalbatzarra egin dute, udaletxean.Donostiako Udala Azaroko udalbatzarra egin dute gaur (hilak 27) Donostiako Udaletxean, 2026ko udal aurrekontuak onartzeko. Oposizioko hiru taldeek, EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Donostiak, osoko zuzenketak aurkeztu zizkioten EAJren eta PSE-EEren udal gobernuaren aurrekontu proposamenari, baina jeltzaleek eta sozialistek euren gehiengoa baliatu dute osoko zuzenketa horiek atzera botatzeko. Horrela, 494.456.134 euroko aurrekontua onartu du udalbatzak 2026rako.
Aurrekontua “inoizko sozialena” dela nabarmendu du Jon Insausti alkateak: “40,5 milioi hiritarren ongizatera bideratuko dira. Izan ere, gizarte zerbitzuek %8,3ko hazkundea izango dute nahiz eta kontuak %4,45a murriztu. Hala, arlo sozialera bideratutako dirua aurrekontu orokorraren %8,2a izango da eta horrek adierazten du udal gobernuaren lehentasuna: donostiarra”. Era berean, alkatearen arabera, aurrekontuak “etxebizitzan jartzen du indarra, baita segurtasunean ere, Egiako polizia etxea tarteko”. Insaustik gaineratu duenez, “gauza txikien aurrekontua da, detaileena, baina baita asmo handiena ere: hiri garbia izateko, zaindua, ondo mantendua, azken xehetasunera begira jarria, baina aldi berean garapenari erreparatzen duena, minbizia sendatzeko protoiterapia hartzen duena, ordenagailu kuantikoa ere baduena, Eskusaitzeta edota Miramongo parke teknologikoari ere adi bizi dena”.
Era berean, Kerman Orbegozo Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotziak azaldu du gastu arrunta 12,3 milioi euroan handituko dela, langileen atala %5,69 handituko dela eta gizarte politiketara “inoizko baliabide kopuru handiena” bideratuko dutela, 40,5 milioi euro. Bestalde, “auzoak hobetzeko” 41 milioi euro bideratuko dituztela nabarmendu du Insaustik, zehaztapen gehiago eman gabe.
Arlo soziala
Arlo sozialean jarri du fokua Insaustik aurrekontua onartu ostean, eta udalak datu batzuen berri eman du: “Arlo sozialarekin lotutako hamabi lanpostu berri sortuko dira: hiru psikologo, bost gizarte langile, hiru administrari eta administrari orokorreko teknikari bat. Lehendabiziko kapitulua, pertsonal gastuari dagokiona alegia, 1.077.190 eurotan handitu da, hau da %12,43a aurreko urtearekiko. Eta inbertsioetara, azkenik, 1.798.556 euro bideratuko dira: 614.556 euro Erdigune–Parte Zaharreko gizarte zerbitzu gune berria martxan jartzeko, 1.084.000 euro Erdialdeko jubilatuen elkartea eraberritzeko eta 100.000 euro Gizarte Larrialdieterako Udal Zerbitzua berritzeko”.
Inbertsio zehatz batzuen berri eman dute: adineko pertsonen harretara 17.072.935 euro bideratuko dituzte, gizarte aurrekontu osoaren %42,09a; adin txikikoen arreta eta babesari 4.344.742 euro; gizarteratze atalera 12.039.558 euro, gizarte aurrekontu osoaren % 29,68a eta gizarte zerbitzuguneetara 6.622.104 euro.
Bestelako inbertsioak
Asko dira 2026ko udal aurrekontuetan aurreikusi dituzten inbertsioak, baina hauek nabarmendu ditu udalak:
- Kultura:
– Okendo Kultur Etxea birgaitzeko proiektua (1.275.000 euro).
– Loiolako kultur etxearen irisgarritasuna hobetzeko proiektua (477.000 euro). - Sustapena:
– Bretxa berritzeko (7.642.442 euro). - Turismoa:
– Bulego berriko ekipamendua eta egokitzapena (50.000 euro).
– Renfe inguruan bulego berria egokitzeko (150.000 euro). - Hirigintza eta Etxegintza:
– Hiri Lorategiaren urbanizazioa (152.859 euro).
– Illarra, hitzarmen batzarretarako ekarpena (90.000 euro).
– Infernua, hitzarmen batzarretarako ekarpena (996.944 euro).
– Etxegintza: Kanpandegin zuzkidura etxebizitzak, BOE Infernua, Illarra, Igara, Añorgako Geltokia (6.599.670 euro). - Hiri-Mantentze eta Zerbitzuak:
– Jarduerak zuhaitzetan, txorkoetan eta berdeguneetan (550.000 euro).
– Haur parkeak berritzeko (425.000 euro).
– Irisgarritasuna eta eta gune publikoak (350.000 euro).
– Asfaltatze lanak egiteko (750.000 euro). - Dbus:
– BEI linea 17 (11.068.535 euro).
– Mikrobusak (339.797 euro).
– Suteen aurkako sistema (281.000 euro). - Kirol instalazioak:
– Herrerako futbol zelaia (1.000.000 euro).
– Illunbe erabilera anitzerako pabiloia (1.104.125 euro). - Gizarte Ekintza:
– Erdialdeko zahar etxearen birgaitzea (1.084.000 euro).
– Bretxa Gizarte Zerbitzuen Zentroa (614.556 euro).
– Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuen berritzea (100.000 euro). - Igeldo:
– Igeldoko eskola zaharra berritzeko (1.650.000 euro).
– Toki Entitate Txikiaren kapital gastuari ekarpena (448.902 euro). - Ekialdeko Barrutia
– Partaidetzazko Aurrekontuak (500.000 euro).
– Ekialdeko Barrutiaren proiektuak (295.930 euro). - Hiri Segurtasuna:
– Puntu kritikoak (500.000 euro).
– Egiako polizia etxea (950.000 euro). - Hezkuntza:
– Eskoletako eraikinak (100.000 euro).


