Agitiko kalan 12 kilo lanperna jaso dituzten bi lagun harrapatu dituzte
Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari atxikitako Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuko (SIP) ikuskatzaileek Igeldoko Agiti parajean isilpean jasotako 12 kilo lanperna kilo konfiskatu dituzte.
Gertakariak hilaren 19an jazo ziren. Bi pertsona harrapatu zituzten SIPeko ikuskatzaileek lanpernadun motxila banarekin, eta 5,4 eta 6,6 kiloko pisuarekin, hurrenez hurren.
Eremu debekatua
Hala, akta egin zitzaien debekatutako eremuan itsaskiak biltzeagatik ustez egindako arau-hausteengatik, Igeldoko itsasargiaren eta Orioko Anarri lurmuturraren arteko eremuan lanpernak (Pollicipes Pollicipes) ustiatzeko plana onartzen duen 2020ko ekainaren 10eko Aginduan xedatutakoaren arabera.
Kautelazko neurri gisa, harrapaketak konfiskatu ziren, eta jakitera eman dutenez, irabazi asmorik gabeko ongintzako erakunde bati eman zitzaion produktua; aldi berean, konfiskatutako harrapaketak entregatzeko akta egin zen.
SIPen eskumena da, itsas arrantzan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren menpe, Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako arrantzarekin, itsaski bilketarekin eta akuikulturarekin zerikusia duten jarduerak ikuskatzea. SIPek astero egiten dituen ikuskapenak programatzen ditu itsaski kontrolaren esparruan. Aurten 15 zehapen-akta egin dira esparru horretan, eta 18,7 kilo lanperna eta beste itsaski espezie batzuen 30 kilo konfiskatu dira.


