Donostian asteburuaz disfrutatzeko hiru gomendio
Eva Lazarus artista. Plan bila zabiltza Donostian astebururako? Bada, gure agendan kultur eta aisialdi jarduera aukeraketa zabala aurkituko duzu eta, gainera, jarraian, egun bakoitzeko proposamen bat egingo dizugu. Horrez gain, ez ahaztu jarduera ugari antolatu dituztela egunotarako Donostiako auzo gehienetan, Euskararen Egunaren bueltan; hemen dituzue egitarauak.
Ostiralean (hilak 28), Tabakalerara joatea proposatzen dizugu, Gipuzkoako Ahotsak zikloaren barruan, Martin de Martek eta Zatibik joko dutelako bertan (6-8 euro).
Larunbatean (hilak 29), Intxaurrondo Kultur Etxera gerturatzea da gure gomendioa, bereziki, reggae zalea bazara. Izan ere, Revolution Jamrock jaialdia antolatu dute aurten ere, Eva Lazarus, Mungos Hi-Fi, Treesha, Agoteak eta Revolutionary Brothers taldeekin (16 euro).
Azkenik, igandean (hilak 30), astea ixteko, Altxerri aretora joatea proposatzen dizuegu, Lipe Court musikariaren kontzertura (5 euro).
Bonus track. Euskararen Eguna izango da hurrengo asteazkenean, abenduaren 3an, eta, noski, horren inguruko hainbat jarduera antolatu dituzte hirian. Hiru aipatuko dizkizugu, eta zuek aukeratu: goizean, mintzodromoa antolatu du Bagera Euskaltzaleen Elkarteak San Telmo museoan, 10:00etan eta 11:00etan; Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako filma proiektatuko dute Intxaurrondo Kultur Etxean 19:00etan eta, ordu berean, Akelarre: marearen kontra dokumentala, Antzoki Zaharrean.


