'Gure lurra' kongresuaren harira, elkarretaratzea egin du aldundiko langile batzordeak
Gipuzkoako Aldundiaren Lurralde Oreka Berdea saileko langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, Kursaalaren aurrean. Gure lurra kongresua egin ari dira han, eta aukera hori baliatu dute “zerbitzu publikoen etorkizun beltza” salatzeko. Hain zuzen ere, pasa den astean mobilizatzen hasi ziren, Lurralde Oreka Berdea Saila “urtetik urtera ahultzen” ari dela ohartarazteko.
Langile publikoen defentsan, administrazio paralelorik ez! lelopean egin dute protesta. Sailaren barne finantziazioa “etengabe” behera egin duen bitartean, sortu dituzten fundazio eta kanpoko enpresei zuzendutako diru sailak “gero eta handiagoak” direla gogorarazi dute: “Pribatizazio bidean ez dago estrategia hoberik ordezkatu nahi duzuna ahultzea eta kaos batera eramatea baino”.
Horrekin batera, Xabier Arruti diputatuaren jokabidea salatu dute: “Aurreko legealdian Nekazaritza saileko zuzendaria izandakoa, iaioa da berregituraketetan eta aspaldikoa da lehen Uliker zen eta orain PKF-Attest izena duen enpresarekiko begikotasuna. Urte hauetan guztietan hara dirutza bideratu du, eta aldundiak dituen profesionalen iritzia kontuan hartu gabe hankaz gora jarri du sail osoa, eskaintzen den zerbitzu publikoaren kaltetan”.


