Palestinarekin Elkartasunak mobilizatzera deitu du «su-eten faltsua eta nazioarteko erakundeen konplizitatea» salatzeko
Palestinarekin Elkartasuna plataformak egindako eserialdia lanuztearen egunean, Pio XIIaren plazan.Irutxuloko Hitza Palestinarekin Elkartasuna plataformak mobilizatzera deitu du asteburuan Euskal Herriko hiriburu nagusietan. Donostiako manifestazioa hilaren 29an izango da, eta 12:00etan abiatuko da Bulebarretik, Su-eten faltsuaren aurrean, palestinar erresistentzia aurrera! lelopean.
NBEk partizio plana sinatu zuenetik 78 urte beteko dira hilaren 29an, eta ordutik bi estatuen irtenbidea “irtenbide faltsua” izan dela “inoiz baino argiago ikus dezakegu” antolatzaileen iritziz. Haien hitzetan, “bi estatuena, Israel legitimatzeko eta palestinar herria zokoratzeko trikimailua baino ez da izan. Soluzioa baino, arazoaren iturria da”.
Partizio planaren urteurrena palestinar erresistentziak su-etena sinatu eta ia bi hilabetera izango da, eta Israelek su-etenaren baldintzak lehen unetik urratu dituela salatu du plataformak. Izan ere, bonbardaketak, erailketak eta blokeoak mantendu egin ditu Israelek, ia 500 palestinar erail eta milaka zauritu eragin. Palestinarekin Elkartasunak gaineratu du, Zisjordanian 1.300 etxebizitza eraikitzeko plana aurkeztu duela estatu sionistak, bai eta, tortura kasuek biderkatzen jarraitzen dutela “inpunitate osoz”.
Plataformaren ustez, egoera honek erakusten du Trumpen plana deiturikoak garbiketa etnikoa mantentzea duela helburu, israeldarren erasoak baimendu eta estaltzen baititu eta palestinar erresistentzia ez erantzutera derrigortzen duelako, bestela, adostutakoa ez betetzea leporatuko baitiote. Irakurketan adierazi dutenez, su-etena sinatzeak “sarraskiaren ala pixkanakako genozidioaren artean aukeratu behar izatea” esan nahi du.
Gaineratu dute NBEren 2803 erresoluzioak Trumpen plana onartzea duela helburu. Aurreko astean bertan onartu zuen nazioarteko erakundeak aipatu erresoluzioa, zeinak palestinar erresistentzia armagabetzea duen helburu, horretarako nazioarteko armada bat bidali nahi duena Palestinara, eta Trump bera Gazako buruzagi kolonial izendatzen duena. Plataformaren hitzetan, “honek berresten digu nazioarteko erakundeak mendebaldeko potentzia inperialisten mesedetara daudela”


