Txistu doinuez betetako asteburua
Jendea dantzan, txistularien emanaldi batean. Donostiako Udaleko Txistulari Taldea Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Eguna dela eta, egitarau berezia antolatu du Donostiako Udal Txistulari Taldeak astebururako. Kresala eta Bagera elkarteekin elkarlanean, kantu jira, erromeria eta igandeko ohiko kontzertua aurrera eramango dituzte. Hala, euskal doinuak abestu eta dantza ugari egiteko bide emango diete herritarrei.
Jarduerak larunbatean, hilak 29 hasiko dituzte Parte Zaharrean barrena kantu jira eginda. Bertan, txistulariek oinarri musika joko dute bertaratutakoek euskal doinu ezagunak abes ditzaten. Arratsaldean, berriz, 18:00etan, erromeria egingo dute Plaza Berrian. Saioan, Aritz Labrador dantza maisuak gidari lana egingo du, pausoak irakatsiz, nahi dutenek bat egin dezaten.
Ospakizunek igandean jarraituko dute. Txistulariek diana joko dute, 09:00etan eta, ondoren, kontzertua eskainiko du 12:15ean, Plaza Berrian. Egitaraua euskararekin lotutako doinuei eskainia egongo da osorik, eta hitzak bertaratutakoen eskura jarriko dituzte, musikariekin batera abesteko.


