Abenduaren 4an botako dituzte Agustindarren eraikinean bizi diren 111 pertsonak
Etxegabetzea salatu duten eragileek agerraldia egin dute, Martuteneko Agustindarren eraikinaren aurrean.Nagore Garmendia Gaur bildu dira hainbat eragile eta herritar Martuteneko Agustindarretan, bertan bizi diren pertsonak abenduaren 4an etxegabetuko dituztela salatzeko. Hasiera batean, 2026ko otsailerako aurreikusita zegoen eraikina hustutzea, baina, antolatzaileen esanetan, erabakia “egun batetik bestera” aurreratu dute. Ondorioz, hilabete baino gutxiago izango lukete beste ostatu bat bilatzeko, negu betean.
Donostiako Harrera Sareak aurreko astean egindako zenbaketaren arabera, 111 pertsona bizi dira gaur egun eraikinean —horietako lau, emakumeak dira—. Sarearen arabera, Martuteneko egoera ez da salbuespena: Donostian, gutxienez, 500 lagun bizi dira kale egoeran, baliabide egonkorrik gabe.
Instituzioen laguntza eza
Agerraldian salatu dute, azken urteetan, eztabaida publikoaren parte batek segurtasun arazoetara mugatu duela Martuteneko errealitatea, eta bertan bizi diren pertsonak “kriminalizatu” direla. Eragileen ustez, egoeraren erdigunean arrazakeria eta estereotipoak daude.
Haien esanetan, Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza gutxienez 2024ko ekainetik dira jakitun, bertako bizilagunak kalean gera daitezkeela; hala ere, ez dute kontingentzia planik aurkeztu: “Instituzioek ez dute behar bezala erantzun”. Salatzaileen arabera, gizarte zerbitzuen eta etxebizitza irtenbideen ordez, polizia baliatu dute. Bertan bizi den Youssefek ere hitza hartu du, momentu batean: “Non dago gizateria?”, esan du. Arazoaren erroa bilatzeko eskaria egin du, baita ere.
Eragileek nabarmendu dute Martuteneko eskolan bizi diren pertsonak—20 eta 40 urte arteko gizonak gehienak, Ipar Afrikako hainbat herrialdetatik iritsiak— Atzerritartasun Legeak ezartzen dituen oztopo administratiboengatik geratzen direla aukera faltan: hau da, lan baimena eskuratzeko zailtasunak dituzte, baita etxebizitzarako sarbide eskasa eta diru-sarrera eza ere.
La Sirenaren auzia, mahai gainean
La Sirena aterpetxearen egoerari ere keinu egin nahi izan diote. Kritikatu dute hiriko aterpetxe sistemak ez duela behar adinako erantzunik ematen; izan ere, hiru hilean behin bost gau pasa ditzakete aterpe batean, eta gero, kale gorrian gelditzen dira. Eragileek salatu dute, hala, La Sirenako ehun plazak hutsik daudela, kalean lo egiten duten pertsonak poliziak etengabe lekuz aldatzen dituen bitartean.
Egoera horretan, mobilizazioaren antolatzaileek ohartarazi dute etxegabetzeak bizi baldintzak “are gehiago okertuko dituela” eta babesa eskatu diete instituzioei. Halaber, salatu dute Donostiako Udala eta polizia “konplize” izan daitezkeela prozesuan, eta dokumentazio kontrolak edo kanporatze prozedurak abiatzeko arriskua dagoela.
Hori guztia kontuan hartuta, eragileek —Amara Berri Ehuntzen, Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Donostiako Harrera Sarea, Guztiontzako Egia Auzotar Sarea, Herripe Auzo Elkartea, Kaleko Afari Solidarioak (KAS), Martuko Harrera Taldea eta Saretxe Etxebizitza Sindikatua— mobilizaziora deitu dute abenduaren 4an, 19:00etan.


