Donostian saritu dute Gipuzkoako pintxorik onena
La Cerveceria del Antiguok eta Muxumartinek eraman dute saria. Gipuzkoa Ostalaritza La Cerveceria del Antiguo eta kaiko Muxumartin izan dira Gipuzkoako 2025eko V. Pintxo, Banderilla eta Miniatura Sukaldaritzako Txapelketako protagonistak. Bi establezimenduak garaile atera ziren atzo Miramar Jauregian ospatutako finalean: La Cerveceria del Antiguok Pintxo edo Banderillarik Onena saria eskuratu zuen, eta Muxumartinek Miniatura Sukaldaritza kategoria irabazi zuen.
Txapelketak bost edizioetan sendotu du bere posizioa pintxoaren kulturaren sustapenerako erreferente gisa. Aurten ere, ekitaldiak gastronomiaren munduko profesionalak, ostalaritza-sektorea eta hainbat erakunde bildu ditu, sormena eta berrikuntza oinarri hartuta.
Hautaketa zorrotza
Azken asteetan zehar, epaimahaiak, parte hartu duten establezimenduen proposamenak ebaluatu ditu. Lan horren ondorioz, 22 finalista aukeratu dituzte: 11 Pintxo edo Banderilla kategorian eta beste 11 Miniatura Sukaldaritzan. Finalean, bertaratutakoen aurrean kozinatu dituzte beren proposamenak, zuzen-zuzenean.
Erakundeen babesa
Ekitaldian parte hartu zuen Gipuzkoako Ostalaritzako presidente Mikel Ubarrechenak eskerrak eman zizkien erakundeei eta babesleei. Ubarrechenak finalisten “maila, dedikazioa eta sormena” goraipatu zituen, eta Gipuzkoako ostalaritzaren garrantzia nabarmendu zuen, “motor ekonomiko, sozial eta kultural” gisa.
Ubarrechenaz gain, hainbat ordezkari instituzional ere bertaratu ziren; besteak beste, Clara Navas, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendaria, Azahara Dominguez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatua, Ane Oyarbide, Donostiako Udaleko Berdintasun, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzia eta Olatz Yarza, Mugikortasun, Garraio Jasangarri eta Turismoko zinegotzia.


