«Donostiaren parte izan nahi dugu, ez Donostian egon besterik gabe»
Ibaetako Illarra jatetxeko arduradunak dira Lucas Malheiros Villani (Hegoaldeko Rio Grande, Brasil, 1992) eta Juliana Vallerini (Sao Paulo, Brasil, 1990) senar emazteak; bata parrillan egoten da, kozinatzen, eta bestea jantokian, bezeroak artatzen. Urteak dira Donostian bizi direla, eta hainbat auzotatik pasatu ostean, argi dute dagoeneko «oso donostiarrak» direla: «Euriak ere ez digu molestatzen dagoeneko!».
Lucas Malheiros Villani eta Juliana Vallerini, Illarra jatetxeko arduradunak.Joseba Parron San Sebastian Txuleta on bat, bisigu eder bat edo onddo nahaski goxo bat jan nahi izanez gero, apuntatu beharreko leku horietako bat da Ibaetako Illarra auzuneko izen bereko erretegia; hori komentatzen atera dira handik, hain zuzen ere, erreportaje hau ondu duten kazetaria eta argazkilaria. Lekuak itxura ona du, baina are itxura hobeagoa hartzen zaio jatetxearen ardura duten Lucas Malheiros Villani eta Juliana Vallerini senar-emazteekin hitz egin ostean: pasioz hitz egiten dute inguruko hornitzaileengandik lortzen dituzten primerako produktuez, euskal gastronomiaz, euskal kulturaz eta Donostiaz.
Ingeniariak dira biak, baina bizitzak ostalaritzara eraman zituen duela hainbat urte, eta argi dute hori dela beraien bidea: «Enologian eta bitikulturan murgildu nintzen lehenik, eta gastronomian ondoren, harreman handia duelako. Ez nuen neure burua ikusten, ingeniari gisa, egun osoa pasatzen zenbakiak egiten. Hemen ez dago aspertzeko astirik! Orain, gure jatetxe propioa daukagu eta gogorra da, baina baita polita ere», dio Malheirosek.

Lucas Malheiros Villani eta Juliana Vallerini, Illarra jatetxeko arduradunak.Joseba Parron San Sebastian
Argi daukate zein den euren jatetxearen ildoa: «Turistak ondorio bat izango dira, ez helburua. Turistak etortzen badira, tokiko jendea etortzen delako izango da. Horregatik, oro har, euskal janari tradizionala eskaintzen dugu jatetxean, euskal kulturan murgildu nahi dugu», nabarmendu du Vallerinik. «Turista ez dago urte osoan zehar hemen, eta gu bezero komunitate bat sortzen ari gara, auzoko jendearekin hitz eginez eta abar», gaineratu du Malheirosek: «Badaude Donostiako familia batzuk gurera hilean bizpahiru aldiz etortzen direnak bazkaltzera. Eta ia astero eguneko menua jatera etortzen den jendea ere badaukagu. Guk Donostiaren parte izan nahi dugu, ez Donostian egon, besterik gabe».
«Berrartuko dugun zerbait da euskara; hizkuntza bat ez da soilik komunikatzeko tresna bat: historia da, kultura da…»
Horrela, euskal janari tradizionala da beraien eskaintza nagusia, baina eguneko menuan munduko beste herrialde batzuetako eskaintza ere sartu dute: «Erretegia garen heinean, txuletak eta arrainak parrillan eskaintzen ditugu, baita almejak saltsan, onddo nahaskiak eta halakoak ere. Eta, menuan, plater tradizionalekin batera, cevicheak eta halakoak ere sartu ditugu. Guk nahi duguna da jendeak esatea hemen ondo egiten dugula lan eta janaria goxoa dagoela, plateretatik harago», nabarmendu dute.
«Oso auzotarrak»
Bikotea 2017an heldu zen Donostiara, Malheiros Basque Culinary Centerreko Gastronomiako gradua ikasten hasi zelako. Ordutik, hainbat auzotan bizi izan dira: Parte Zaharrean, Antiguan, Egian, Aieten eta, orain, Grosen. Eta bizi izan diren auzoan bizi izan direla, «oso auzotarrak» izan direla diote: «Antiguan bizi ginenean, ez ginen ia handik ateratzen. Egia deskubrimendu bat izan zen guretzat, bizitza handia duelako kalean eta taberna eta jatetxe asko. Parte Zaharrean bizi ginenean, asko poteatzen genuen auzotik. Eta orain ere, Grosen, taberna askotara joaten gara, bizitza asko egiten dugu auzoan», dio Malheirosek. Ildo beretik jo du Vallerinik: «Auzoetara atxikitzen gara, auzoak bizi ditugu».
2017tik 2021era egon ziren Donostian bizitzen eta ostalaritzan buru-belarri lan egiten aritu ziren urte haietan: Vallerini Astelena jatetxean eta Malheiros Patxikuenean. Ordea, diotenez, «brasildar gisa», euriaz nekatu ziren eta, «bero bila» joan ziren Mallorcara, hango ostalaritzan lan egitera: «Han, alderantziz, beroaz nekatu ginen [barrez]. Italian hainbat hilabeteko abenturatxo bat egin genuen, Illarra jatetxea hartzeko aukera atera zitzaigun arte, 2023 hasieran», azaldu du Malheirosek. «Ez genuen zalantzarik izan itzultzeko orduan», gehitu du Vallerinik.
«Brasilen, askoz goizago bazkaltzen da; etorri ginenean, bi aldiz bazkaldu behar nuen»
Diotenez, ondorioztatu dute Donostia dela eurentzako «bizitzeko lekurik onena»: «Bizitzeko modua da. Italian bizitzen egon ginenean, gure pertzepzioa izan zen ateratzea zerbait berezia dela italiarrarentzat, noizean behin egiten dena. Hemen, aldiz, espazioaz disfrutatzen da, jendea denerako ateratzen da: kafe bat hartzeko, haurrak parkera eramateko, paseatzeko… 90 urteko emakumeak ikusten dituzu eguzkitan bermuta hartzen, haurrak kalean korrikan, jendea kaña bat hartzen eta abar. Gu ere, ostalariak izanda, hemendik atera eta beste tabernaren batera joatean gara zerbait hartzera; lanean ez gaudenean, beste nonbaiten jaten eta edaten ari gara. Azkenean, hiria bizitzen da hemen, hiria disfrutatzen da», nabarmendu du Vallerinik.
Hain zuzen ere, «oso donostiarrak» sentitzen dira dagoeneko: «Euriak ere ez digu molestatzen orain. Donostiarrek asko esaten duten esaldi bat da lehen askoz euri gehiago egiten zuela, eta orain nik esaten dut hori jendea euriagatik kexatzen denean», dio, barre artean, Vallerinik. Ildo horretatik, oraindik egiteke dutena aitortu du: «Euskara ikasten hasi nintzen, baina gauza askorekin nenbilen eta utzi behar izan nuen. Baina, pixka bat lasaiago gabiltzanean, berrartuko dugun zerbait da; hizkuntza bat ez delako soilik komunikatzeko tresna bat: historia da, kultura da…».
Kultura talka
Donostiarekin azkar ohitu eta «katigatu» baziren ere, hasieran, sentitu zuten kultura talka bat, noski: «Oso herri itxia zarete zirkulu intimoetan, zaila da zirkulu horietan sartzea, baina, denborarekin, kostatzen bada ere, harremanak sortzen zoaz. Baina ez zait zerbait bereziki txarra iruditzen, konfiantza sortzea da kontua. Egia da, hala ere, hemen egin ditugun lagun gehienak jatorri atzerritarrekoak direla», dio Malheirosek. Hala ere, aitortu du Brasilgo bere probintzian, Hegoaldeko Rio Granden, hein batean, antzeko izaera dutela: «Oso zona landatar bat da. Eta Donostiak, hein batean oso hiri kosmopolita bada ere, landarekin eta baserritarrekin harreman hori mantentzen du; hori da gehien gustatzen zaidana. Anaia ere hemen bizi zen, eta esaten zidan hemengo baserritarrek ematen dutela Brasilgo gure zonako alemanak [kolonizazio alemana bizi izan zuen zona horrek], konfiantza hartu arte ez direnak oso gertukoak».

Lucas Malheiros Villani eta Juliana Vallerini, Illarra jatetxeko arduradunak.Joseba Parron San Sebastian
Sao Pauloko probintziakoa da Vallerini, 700.000 biztanleko «hiri txiki» batekoa, eta, hain zuzen ere, Hegoaldeko Rio Grandera lehen aldiz joan zenean sentitu zuen kultura talka hori: «Bat-batean, Brasilgo zona askotako ikasle ugari joan ginen hango unibertsitateetan ikastera, eta ‘zer egiten duzue hemen’ esanez begiratzen gintuzten», dio, barre artean. Unibertsitate garai horretako bitxikeria dibertigarri bat ere kontatu du: «Pelotas izeneko hirian ikasten genuen, eta hemen kontatzen nuenean ‘en Pelotas‘ ikasten genuela, jendea barrez lehertzen zen; kostatu zitzaidan ulertzea!».
Zentzu horretan, beraz, Donostiarekin ez zuen talka handirik sentitu Vallerinik ere, baina bai beste batzuetan: «Brasilen, adibidez, askoz goizago bazkaltzen da eta bazkalondoaren kontzeptua ez da existitzen; etorri ginenean, bi aldiz gosaldu behar nuen, ez nekien zer egin bazkalordura arte!». Orain, aldiz, bere egin du berandu bazkaltzearen ohitura: «Bazkaldu aurretik, bermuta hartzea gustatzen zait, lasai-lasai».
Kultura talkak eta aurreiritziak gaindituta, Donostian erabat errotuta dago bikotea: «Etorri ginenean, uste genuen sangria eta paella aurkituko genuela hemen, aurreiritziengatik, baina, bat-batean, oso bestelako kultura bat aurkitu genuen, eta oso ondo egokitu ginen sagardora eta txakolinera, ondoegi! Auzo ugaritan bizi izan gara, dagoeneko euriak ere ez digu molestatzen… euskara ikastea baino ez zaigu falta!».

Fruta, juka irina eta cachaza
Desberdintasun asko dituzte Euskal Herriko eta Brasilgo gastronomiak, agerikoa da, baina baita antzekotasun batzuk ere: «Brasilen, normalean, plater bakarra jaten dugu: arroza, babarrunak eta beste zerbait. Hori Brasil osoan zehar pasatzen da, eta hemen ez da horren ohikoa otorduak horrela antolatzea. Baina antzekotasunak ere badaude, parrilla asko erabiltzen dugulako Brasilen zein Euskal Herrian, esaterako. Bestalde, Hegoaldeko Rio Granden, nire jaioterrian, Euskal Herrian bezala, ez da ia espeziarik erabiltzen, baina Julianaren zonan bai, eta gero eta iparralderago, orduan eta gehiago. Lekale asko jatea ere bada Euskal Herriarekin daukagu antzekotasun bat».
Bestalde, Euskal Herriko historian horrenbesteko garrantzia eduki duen txerri hilketa ere garrantzitsua da Hegoaldeko Rio Granden: «Lehen aldiz joan nintzenean Lucasen [Malheiros] etxera bazkaltzera, txundituta gelditu nintzen: familia osoa elkartzen da igandetan, 200 kiloko txerri bat hiltzen dute… jai baten modukoa da», kontatu du Juliana Vallerinik.
Hala ere, antzekotasunak antzekotasun, argi dute zer botatzen duten faltan Brasiletik, familiaz gain, noski: «Fruta tropikala, juka irin ona eta cachaza». Azukre kanaberatik ateratako Brasilgo edari alkoholdun ohiko bat da cachaza eta Brasilgo etxeetan oinarrizko osagaia da juka irina. Baina, bereziki, frutan jarri du fokua bikoteak: «Sagarrak eta abar ondo daude, baina Brasilgo fruta tropikalak beste gauza bat dira: platanoek ez dute zerikusirik, papaiak izugarriak dira, mangoak negarrez hasteko modukoak dira… Brasilera goazenean, beti esaten diegu senideei fruta asko erosteko, eta, etortzen direnean, juka irina eta cachaza ekartzeko».
Faltan botatzen dituzten horiek, ordea, hemen erraz aurkitzen diren produktuekin konpentsatzen dituzte: «Hemen ardo eta urdaiazpiko ona daude!».



