Finantza entitateetako zerbitzu digitaletako hizkuntza hautuari buruzko lan bat saritu dute
Ainhoa Delgado. Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sariak iragarri dituzte. Ainhoa Delgadok irabazi du finantza entitateetako zerbitzu digitaletako hizkuntza hautuari buruzko lan batekin. Kimetz Perez-Harispek jasoko du bigarren saria, Baionako Estitxu Robles Kolegioko ikasleen gaineko lanagatik. Eta hirugarren saria Mikel Gartziarenarentzat izango da, irakasle izateko prestatzen ari diren ikasleen gaineko ikerketa soziolinguistikoagatik.
Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituzten sarien banaketa ekitaldia abenduaren 19ean izango da Gasteizen, EHUren Micaela Portilla Ikergunean, eguerdiko 12etatik aurrera.
Hauxe da Delgadoren lan irabazlearen laburpena: “Bizirik nahi badugu, euskarak sarean egon behar du ezinbestean. Egote hutsa, ordea, ez da nahikoa; erabili egin behar da. András Kornai hizkuntzalariaren teoriatik abiatuta eta finantza-entitateen zerbitzu digitalak aitzakiatzat hartuta, euskararen bizitasun digitala aztertzen du lan honek. Eskaintza eta eskaria aztertu dira, hizkuntza aukeratzerakoan eragina duten faktoreak identifikatzeko eta euskararen erabilera areagotzeko estrategiak proposatzeko. Ikerketak erakusten du hizkuntza-hautua ez dela neutroa eta hainbat faktorek baldintzatzen dutela: araudiak, euskarri digitalen konfigurazioak, erabiltzaileen gaitasunak, zerbitzua eskaintzen duenaren proaktibitateak… Eta zuk, zergatik ez?”.


