Katapulta Tour Gipuzkoa programara aurkezteko azken egunak
Katapulta Tour Gipuzkoaren hamar urteak ospatu zituzteneko argazkia.Kutxa Fundazioa Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioak Katapulta Tour Gipuzkoa programaren hamargarren urtean parte hartuko duten artistak hautatzeko deialdia abiatu du. Musika eta formatu txikiko arte eszenikoen proiektuak laguntzea da egitasmoaren oinarria eta lehentasunezko hiru helburu ditu: Gipuzkoako talentua nabarmentzea eta bultzatzea, lurraldeko eszena dinamizatzen laguntzea, baita profesionalizazio handiagoa lortzeko prestakuntza eta saiakeraren alde egitea ere.
Deialdian parte har dezakete profesional berriek edo musikan eta arte eszenikoetan profesionalki garatzeko interesa dutenek. Musikari dagokionean, pop, rock, folk, elektronika, hip hop edo antzeko estiloak landu behar dituzte; arte eszenikoei dagokienean, berriz, mikroantzerkia, bakarrizketak, performancea edota magia. Proposamenek artisten jatorrizko lanak edo artistentzat beraientzat sortuak izan behar dute.
Arlo desberdinetako teknikari eta profesionalek osatutako epaimahaiak aukeratuko ditu hamar hautatuak eta honakoa eskainiko zaie: lau emanaldi Gipuzkoako hainbat gune edo jaialditan, Kutxa Fundazioaren Kluba aretoa horietako bat izanik; 500 euro emanaldiko, proiektua sustatzeko bideo grabaketa, Musika Bulegorekin lankidetzan egindako prestakuntza programan parte hartzea eta Kutxa Fundazioak Tabakaleran duen espazioan aurreikusitako lanak amaitzean, entsegu guneetara sarbidera.
Epaileek kontuan izango dituzten irizpideen artean, Gipuzkoan erroldatuta daudenei eta 30 urtetik beherakoei lehentasuna emango diete, kalitateaz gain, ibilbidea eta proiekzioa baloratuko dute, eta saiatuko dira ba hizkuntza eskaintza bai genero oreka ezartzen.
Proposamenak igandera arte, hilak 30, aurkez daitezke hemen. Hautatuak, berriz, otsailaren 10a baino lehen ezagutaraziko dituzte.


