Loiolako kantujira: hamabost urte kaleak doinuz betetzen
Saltsa guztietako perrexila den horietako bat da Xabi Heredero (Igeldo, 1963). Loiolan bizi da aspalditik, eta Loiolako kantujirako musikarietako bat da. Hamabost urte bete ditu orain taldeak, eta ekimen berriekin eta jarduera bereziekin ospatu dute urteurrena.
Xabi Heredero, Loiolako kantujirako musikaria.Nagore Garmendia «Ni zurekin jai, jai!», dio abesti ezagunak. Gustuko dute azken zati hori oihukatzea, auzoa kantuan zeharkatzen duten bakoitzean. Hilabeteko bigarren larunbatean egin ohi dute hori. Hilabetero. Musika eta Euskal Herriko historia batzeko modu aproposa iruditzen zaie, eta kantuan erakusten diote munduari, auzoari, belaunaldi berriei. Desberdina omen da horrela. «Gure hizkuntza oso epaitua egon zen bere garaian», kontatu digu Xabi Herederok, Loiolako kantujirako soinujoleetako batek. Kantujira, hala, aldarrikapen baten gisan ikusten du berak. Omenaldi bat, errepresio garaian ere kantuan aritu zirenei. Euskaraz eta herriarentzat.
Ander Edo eta Kepa Labeaga auzotarrak aipatu ditu Herederok. Beraiena izan zen, duela hamabost urte, Loiolan kantujiran hasteko ideia. Beraiek aterako ziren kantatzera eta, jenderik batzen ez bazen, nahikoa eta sobran beraiekin. Gaur egun ere, hala gertatzen da; euria, kazkabarra edo ari duenak ari duela, hilabetean behin, behintzat, berezko doinu bat dute Loiolako kaleek. Eskusoinuena, gitarrena. Pandero eta danbolinarena.
Barkuko kapitainak
Musikariek daramate kantujiraren antolakuntza. Hala ere, kantatzera gerturatzen den jendea da, Herederoren hitzetan, «protagonista nagusia»: «Itsasontzi guztietan dago kapitain bat, eta, gure kasuan, gu gara». Hala, astearte eta ostegunetan entseatzen dute musikariek, eta kantujira eguneko aurreko ostegunean, entsegu orokorra egiten dute kantariekin.
Geldialdia egiteko tabernaren —bide batez, oso eskertuta daude tabernek egiten dieten harrerarengatik— eta erritmoaren arabera erabakitzen dituzte abestiak, baina beraiek beti daude «katxondeoaren alde»: «Umore ona eta informaltasuna dagoen lekuan, beste lotura batzuk sortzen dira», adierazi du soinu jotzaileak. Auzoa batzeko aitzakia bat da, soinua egiteko. Barrenak kanporatzeko. Batzuetan, kanpotik ikusteko beharra sentitzen du Herederok, jendearen erreakzioak ikusteko. Bitxia da, baina ahotsek baino gehiago esaten dute aurpegiek, askotan.
Gazteen hutsa sentitzen dute taldean; izan ere, 50 eta 70 urte bitarteko jendea da, batez beste, kantatzera joaten dena. «Odol beroa duen jendea falta zaigu, gazteria!». Gerturatzen dira gurasoak haurrekin, baina 15-30 urte bitartekoak botatzen dituzte faltan. Badakite zaila dela hauek erakartzea, baina besoak zabalik jasoko dituzte gerturatzen diren guztiak.
Berritasunen artean, kantuen liburuxka berria ondu dute, Loiolako kultur etxearekin batera. Izan ere, hamabost urteetan erabili dituzten liburuxka berak ziren, oraindik ere, kanturako erabiltzen zituztenak. Hala, diseinu berri batekin, larunbat horietan kantatzen dituzten 111 abesti bildu dituzte, tradizionalak zein gaur egungoak.
Nagusilanekin elkarlana
Kantujirak hamabost urte bete berri dituen honetan, ekimen berri bat jarri dute martxan; Nagusilan proiektuarekin elkarlana. Zaharren egoitzetan dauden adineko pertsonak laguntzen ditu Nagusilanek, jarduera desberdinak eginez; datorren urtetik aurrera, hala, Loiolako kantujirako kideek ere kontzertutxoak emango dizkiete, «euren beroa senti dezaten». Urtarrilean nahiko lukete hasi kontzertuekin, eta gogor egingo dute lan, ordurako prest egoteko.
«Jende asko dago oso bakarrik horrelako lekuetan», esan du Herederok. Pozik dago norabide hori hartu izanagatik; izan ere, kantujira ere izan liteke laguntzeko tresna bat, bere ustez. Gogoan du, honen harira, anekdota berezi bat: «Auzoko taberna batean kantatzen geundela, adineko emakume bat ikusi nuen balkoian kantatzen, liburuxka eskuan. Ziurrenik, gure zain egongo zen. Kasualitatez ikusi nuen, baina auskalo zenbat jende dagoen bere etxean, horrelako giro baten zain», kontatu du. Hori da honen guztiaren helburua. Eta aski betetzen du horrek.
Hamabost urte, hasiera bat
«Oso garrantzitsua den zerbait lortzea da», musikariarentzat, urteurren hau. Gaur egungo gizarteak elkarrekin egoteko jartzen dituen zailtasunak goraipatu nahi izan ditu, eta kantujira bada, bere ustez, jendea elkartzeko modu bat. Hau hasi zutenen lekukoa hartu izana garaipen bat da berarentzat. Auzoak eman diona auzoari bueltatzeko modu bat. Loiolak asko eman diolako berari.
Hala, babarrun jana egin zuten urteurrena ospatzeko, auzoko Urumea tabernan. Edori eta Labeagari omenaldia egin zieten, eta hobekien egiten dakitena eginez girotu zuten eguna; kantuan. Izan ere, soinu jotzaileak kontatu duenez, kantujirak ere badauka bere luzapen propioa: kantujiña. Hori, jada, arratsaldean izaten da. Tabernaren batean bazkaldu eta gero, badakizue…



