Ertzaintzaren Anoetako oldarraldiaren hirugarren biktima batek beste salaketa bat jarri du
Anoetatik oso gertu paseoan zebilen emakumea da, 50 urte ingurukoa. 20:15ean, gutxi gorabehera, tiro bat entzun zuen eta foam jaurtigai bat jaso lepoaren atzealdean. Kolpeak desorekatu egin zuen eta lurrera bota ia. SIR-X foam bala gordeta dauka.
Ertzaintzaren karga bat egiten Anoeta inguruan, artxiboko irudi batean. Foam jaurtigai bat jasotako hirugarren biktima bat utzi zuen Ertzaintzaren oldarraldiak, Realaren eta PSGren arteko Txapeldunen Ligako partidaren atarian, 2024ko martxoaren 5ean. XIR-X jaurtigaia da, eta biktimak gordeta dauka. Anoeta inguruan larri zauriturik gertatu ziren egun horretan Amaya Zabarte eta Maria Martin, biak ala biak foam jautigaiekin buruan jo ondoren. Bada, hirugarren emakume bat ere jo zuen jaurtigai batek lepoan; hasiera batean salaketa bat jarri zuen Udaltzaingoan, baina epaitegira iristean, Ana Isabel Perez Asenjo epaileak hura artxibatzea agindu zuen, eta, orain, berriz, biktimak Donostiako epaitegian beste salaketa bat jartzea erabaki du auzibidea zabal dadin atzera, auzia Iker Sarriegi abokatuaren eskuetan utzi ondoren.
Zabarte eta Martinen auzibideetan ere Sarriegi da abokatua, eta bata zein bestearen auziak aurrera doaz epaitegietan. Ez trabarik gabe, ordea. Izan ere, Perez Asenjok salaketa bat zein bestea artxibatu egin zituen, baina auziak berriro zabaltzeko agindu zion epaileari Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, eta dagoeneko deklarazioak hartzen ari da. Datorren ostiralean, kasurako, Amaya Zabarteren auziarekin loturik, sei pertsona ariko dira testigantzak ematen, bost ikertu gisa eta seigarrena lekuko bezala. Denak dira ertzainak.
Albiste hau Berria-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker; bertan jarraitu dezakezue irakurtzen.


