Esther Ferrer Tabakalerako plaza berrirako obra amaitzen ari da
Esther Ferrer artista donostiarra Tabakaleran lanean ari da egunotan.Tabakalera Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriak sortutako plazan jartzeko bereziki sortutako obra amaitzen ari da egunotan Esther Ferrer (Donostia, 1937). Zeramikazko zoru instalazio bat da, kolore urdin eta berdea dituena, Ferrerren hitzetan, Donostia identifikatzen duten koloreak dira. Artistaren Zenbaki lehenen poema serieko piza bat da eta Sophie Germain (1776-1831) matematikari frantsesa omentzen du.
Tabakalerako bigarren solairurako sarbidean ipiniko dute eta arte garaikidearen funtsezko figura den Ferrerrek dohaintzan emango dio hiriari. Tabakalerak eta udalak lagundu dute proiektua eta obra plaza berrian jartzeak duen “balio sinbolikoa” nabarmendu dute. Aurreikusi dutenez, plaza berriaren egokitzapena eta instalazioa datorren urtearen hasierarako amaituko dute.
2019ko apirilean, artista donostiarraren atzera begirakoak inauguratu zuen Tabakalerako erakusketa aretoa, eta bilduma bisitatuenetako bat izan zen. Orain, berriz, hiriak sorkuntza garaikidearekin duen konpromisoa indartzeko pieza iraunkor bat sortu du.
