Herrera eta Hegoa ikastetxeek parte hartu dute Patio Irekiak Plan Onean programan
Hegoa eta Herrera ikastetxeek parte hartu dute Patio irekiak Plan Onean egitasmoan.DAVID VICENTE Donostiako Udalak Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen kide gisa bat egin du Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Egunarekin. Hala, udal atalen artean eta hiriko hezkuntza eragileekin sinergiak sortzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du, Donostia “ikaskuntzen, herritartasunaren eta gizarte eraldaketaren benetako laborategia izan dadin”.
Asmo horrekin Patio irekiak plan onean programak aurrera eramaten ari dira Hegoa eta Herrera ikastetxeetan. Horren barruko jarduera batean izan zen ostiralean Aniztasun, Inklusio eta Ingurumen zinegotzi Iñigo Garcia, Madrilgo CSAI Fundazioko kudeatzaile Stefan Mayer-ekin batera.
Zinegotziaren esanetan, halako jarduerek erakusten dute egun batera mugatu beharrean, hirian urte osoan zehar lan egiten dutela “haurrek espazio seguru, osasungarri eta irisgarriak izan ditzaten”, batez ere, auzoetan. Izan ere, “osasunaren, jarduera fisikoaren eta familiei laguntzearen aldeko apustua egitea eraiki nahi dugun hirian aukera-berdintasunaren eta ongizatearen aldeko apustua egitea da”.
2024-2025 ikasturtean, aipatu ikastetxeetan programa horren barruan 60 haur zeuden jarduera fisikoan izena emanda, 558 parte hartzaile zeuden esku hartze osasungarrietan, eta denera, 637 laguni eragiten zien. Horrez gain, 300 ordu baino gehiagoko saioak egin dituzte jarduera fisikoa, tailer osasungarriak eta familiekin egindako lana kontuan hartuta.
2025-2026 ikasturteari begira, programa finkatzea eta ikastetxeko haur eta familia gehiagorengana iristea da helburua, astean jarduera fisikoko bi ordu eta ohitura osasungarrietako ordubete eskainiz, eta hilean familientzako tailer berezitu bat.


