Metroaren hiru geltoki berriak 2026ko bigarren seihilekoan irekitzea aurreikusten dute
Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburua, Jon Insausti Donostiako alkatea, Miguel Angel Paez Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordea eta Antonio Lopez ETSko zuzendari nagusia Donostiako Metroaren lanetan egon dira gaur.Irekia Atzerapen eta gainkostu ugarirekin, baina aurrera doaz Donostiako Metroaren lanak. Eusko Jaurlaritzako, Donostiako Udaleko eta Euskal Trenbide Sareko (ETS) hainbat ordezkarik lurpeko bisita egin dute astelehen goizean lurpeko saihesbidearen etorkizuneko Erdialdea-Kontxa geltokian. Zortzi urte pasatu dira dagoeneko lanak hasi zituztenetik, eta, gaurkoan adierazi dutenez, 2026ko bigarren seihilekoan lurpean jarriko diren hiru geltoki berriak zerbitzuan jarriko dituzte.
Lurpeko hormigoizko estaldura lanak amaituta, orain, lanen “aurrerapena” erakusten duen elementurik esanguratsuena, Jaurlaritzak azaldu duenez, “behin betiko altzairu beiraztatuzko plaken estalduraren hasiera da”. “Urte hasierarako mezzaninak edo atondoak egiten hastea dago aurreikusita. Erdialdea-Kontxa geltokira sartzeko bi kanoiak oso aurreratuta daude. ETSk altzairu beiraztatuaren behin betiko estaldura amaituko du, eta Xabier Zubirin eskailera mekanikoak muntatzen hasiko da urte hasierarako. Loiola kalera sartzeko kanoiak, bestalde, eskailera mekanikoak ditu jarrita, eta altzairuzko estaldura beiraztatua egikaritze fasearen %66an dago”, gaineratu du Jaurlaritzak; erakunde horrek egin eta finantzatu ditu lanak.
Azaldu dutenez, bestalde, Lugaritz-Mirakontxa tarteko obra zibila amaituta dago, trenbidea jarrita dago eta instalazioen zati bat muntatuta (igogailuak eta eskailera mekanikoak). “Gaur egun, argiztapen eta suteen aurkako babes sistemak egiten ari dira tunel osoan eta Bentaberriko geltokian”, gaineratu dute. Lurpean ez ezik, halaber, “gainazalean ere egin ditu aurrerapenak” egin dituztela nabarmendu dute agintariek, “Easo eta San Bartolome kaleetan eta Xabier Zubiri plazan hainbat urbanizazio lan eginez”.
Horrela, 2026ko bigarren seihilekoan lurpeko geltoki berriak martxan jartzeak, Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuaren hitzetan, “iraultza ekarriko du Donostiako eta Gipuzkoako mugikortasunean, eta herritarrek gozatzeko espazio publiko berriak eta etxebizitzak sortzeko aukera emango duen lurzorua libre uzteko aukera, hala nola Amarako trenbideen zabalgunea”.


