Museum Cemento Rezola eta fabrika: urteurren bikoitza Añorgan
Museum Cemento RezolaMBN Comunicación Museum Cemento Rezolak 25 urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko, Heidelberg Materialsek bi ekitaldi kultural antolatu ditu Añorgan. Programak esanahi berezia du, gainera, 2025ean enpresak Añorgan duen fabrikak 175 urte beteko dituelako.
Lehen ekitaldia aurreko larunbatean, azaroaren 29an, egin zen museoko plazan. Jardunaldia Sara Cozar aktoreak gidatu zuen, eta bertan parte hartu zuten Gure Kabia abesbatzak, Arkaitz Dantza Taldeak eta Beñat Gaztelumendi eta Jon Altuna bertsolariek. Emanaldien ondoren, Heidelberg Materialseko ordezkariek hartu zuten hitza, museoak 25 urte hauetan izandako bilakaera eta lortutako mugarriak gogoratzeko. Ekitaldia aperitibo batekin amaitu zen.
Bigarren ospakizuna hilaren 22an izango da, Añorgako Karmengo Andre Mariaren elizan, Donostiako Orfeoiaren kontzertuarekin. Emanaldia auzoko bizilagunekin partekatzeko antolatu dute, eta, ondoren, Jolas Etxean, ardo kopa batekin jarraitzeko aukera egongo da.
Museoak 25 urte
Museum Cemento Rezola 2000. urtean inauguratu zen, eta orduz geroztik, kulturaren eta industria-ondarearen dibulgazioaren erreferente bihurtu da Donostian.
Museoak 188.000 bisita baino gehiago jaso ditu eta 60 erakusketa baino gehiago antolatu ditu azken 25 urteetan. Gainera, hezkuntza-programa zabalak garatzen ditu, eskola-adin guztietara egokituta.
Gaur egun, ikusgai dago “Añorga. B(as)erria. Iragana. Oraina. Etorkizuna” erakusketa, 2026ko maiatzaren 30era arte doan bisitatu daitekeena. Hedabide hau bertan egon zen, duela aste batzuk.
Fabrikak 175 urte
Heidelberg Materialsek Añorgan duen fabrika 1849an sortu zen. Eskola, kontsultategia, ekonomatoa, kirol-instalazioak eta eliza sortu zituen, eta zementu naturalaren ekoizpenetik abiatuta, Portland zementuaren ekoizpenean erreferente bilakatu zen, Añorgaren hazkundea bultzatuz.


