Tabakaleko Taba taberna itxi dute
Emakida berritzeko prozesuan helegitea aurkeztu ondoren, Taba itxita dago, ebazpena atera arte, gutxienez. Horrez gain, bosgarren solairuko laborategi gastronomikoa ere itxiko dute.
Taba taberna gaur, itxita.Andrea Bosch Atzo (hilak 30) egon zen irekita azkenekoz, momentuz behintzat, Tabakalerako Taba espazioa. Azken hamar urteotan, Tabakalera bera ireki zutenetik, Arizmendi pizzeria, Terzi kafetegia eta Madamar garagardotegia aritu dira Taba espazioa partekatzen, Integrity (Arizmendi), Hermanos Benitez (Terzi) eta MadLib (Madamar) enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak (ABEE) kudeatuta.
Ordea, espazioaren emakida berritzeko prozesua abiatu zuen Tabakalerak duela hainbat hilabete, atzo bukatzen baitzen. Prozesu horretara bere kabuz aurkeztu zen Madamar garagardotegia, elkarrekin aurkeztu ziren Terzi eta Arizmendi eta hirugarren hautagaitza bat ere aurkeztu zen. Garagardotegiari eman zioten emakida, baina “irregulartasunak” zirela eta, helegitea aurkeztu zuten kafetegiak eta pizzeriak. Horrela, helegite horren inguruko ebazpena atera arte, gutxienez, itxita egongo da Taba.
Jatetxea, GOEra
Tabakalerako azken solairuko jatetxea Basque Culinary Centerrek (BCC) kudeatzen du egun, LABe izenarekin, laborategi gastronomiko gisa. Hori ere laster itxiko dute, ordea, Manteon ireki berri duten GOE eraikinera lekualdatuko baitute urtarrilean. Horregatik, Tabakalerak martxan dauka, baita ere, bosgarren solairuko espazio horren kudeaketa adjudikatzeko lehiaketa publikoa.




