Agustindarren eraikinaren etxegabetzea «teknikoa eta profesionala» izatea nahiko luke Insaustik
Jon Insausti alkate goizeko agerraldian. Donostiako Udala Agustindarren eraikina ostegunean hustuko dute eta epailearen erabakiaren aurrean udalak duen jarrerari buruz galdetu diote Tokiko Udal Batzordearen bileraren ondorengo agerraldian Jon Insausti alkateari. Adierazi duenez, arazoari “aurrez aurre begiratu” eta jarrera zentratu batetik erantzun zehatza ematen ahaleginduko dira.
Azaldu duenez, “etxeko lanak” egin dituzte eta hasiak dira banakako lanketa egiten bertan lo egiten dutenekin. Profil oso bestelakoak daudela zehaztu du, Hezkuntzako Heziketa edota Lanbide Heziketa ikasten ari direnetik, erakundeei buruz ezer jakin nahi ez edota delitugileetara. “Elkarbizitzarako konpromisoa” dutenei ibilbide bat eskainiko diete gizarteratzera bideratua, alderdi soziala eta lana kontuan hartzen dituena. Udalak “harrera egin, lagundu eta jarraipena” egingo die, betiere, nahi dutenei.
Banan bana eta zuhurtziaz ari dira bilera horiek egiten, alkatearen esanetan, “pertsona zaurgarriak direlako, eta zuhurtziaz egiten ari badira, denei eta bakoitzari errespetua diegulako da”. Kaleratzean esku hartzeak “teknikoa eta profesionala”izatea nahiko luke Insaustik, baita ostegunerako Gizarte Ekintzaren bidean sartu direnak jada bertan ez egotea ere.
Tokikotik erantzun behar zaila uste badu ere, arazoa ez da Donostiarena soilik, horregatik inguruko udalerriei, aldundiari eta jaurlaritzari laguntza eskatu die.
EH Bilduren kezka
Alkateak gaurko agerraldian azalpenak eman baditu ere, EH Bilduk interpelazio bat erregistratu du Pertsonentzako Zerbitzuen Batzordean eman ditzan etxegabetzeari buruzko xehetasunak. Goizean esandakoari lotuta, lanketa pertsonalizatu hori noiz hasi zuen eta nola egin duen jakin nahi du alderdi abertzaleak. Halaber, zer dela eta poliziaz gain, Gizarte Ekintzako eta hirugarren sektoreko zenbait eragileren parte hartzea aurreikusi eta, ordea, zergatik parte hartuko duen Espainiako Polizia Nazionalak.
Han lo egiten dute 111 pertsonei lotuta, berriz, nora bideratu dituen bai emakumezkoak bai gainerakoak, eta bereizi baditu, zeren arabera egin duen. Halaber, kontuan izanda “hiriko egoera oso tentsionatua” dagoela eta negua dela, zergatik ez duen urgentzian martxan jartzen La Sirena aterpetxea.


