Beste hiru haur parke estaliko ditu Donostiako Udalak
Intxaurrondoko Sagastieder pasealekuko parkea. Donostiako Udalaren Partaidetzazko Aurrekontuen egitasmoaren barruan, hiru proiektu egikaritzeko pausoa eman du udalak astearte honetan. Izan ere, Sagastieder plazako haur parkea (Intxaurrondo), Reno parkea (Antigua) eta Santiago parkea (Loiolako Erribera) estaltzeko lanak kontratatzeko espedienteak onartu ditu Tokiko Gobernu Batzordeak. Partaidetzazko Aurrekontuetatik 748.914 euro inbertituko dituzte hiru proiektu horiek gauzatzeko; orain, lan horiek adjudikatu behar dituzte.
“Intxaurrondoko, Antiguako eta Loiolako Erriberako haurrek espazio berriak izango dituzte eguraldia lagun ez duten egunetan ere gozatzeko, gure hirian egun horiek ez baitira gutxi. Parke estali horiek Arrobitxulo, Larratxo eta Harriari gehituko zaizkie, eta laster beste auzo batzuetan ere izango ditugu, hala nola Gros, Amara Berri, Amara edo Erdialdea. Proiektu hauei esker, hiriko txikienei aukera emango diegu euritan ere aire zabalean harremanetan izateko eta jolasteko”, nabarmendu du Jon Insausti alkateak.
Intxaurrondoko proiektuaren egikaritze epea lau hilabetekoa izango da, 167.164 euroko aurrekontuarekin; Antiguakoarena bost hilabetekoa, 236.286 euroko aurrekontuarekin eta, Loiolako Erriberakoarena sei hilabetekoa, 345.464 euroko aurrekontuarekin.


