Guardetxearen inguruko auziak epaitegira eramango ditu sei gazte
Alde Zaharreko Gazte Asanbladako kideak, Urgulleko Guardetxean. Aurtengo maiatzaren 29an, hamarnaka gazte Donostiako Udaleko osoko bilkuran egon ziren, Guardetxearen egoerari buruz Udal Gobernuarekin bilera formala eskatzeko. Ordea, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) azaldu duenez, auzoko hamahiru elkarte eta eragileren izenean egindako aurreko eskaera horiek ez dute erantzunik jaso.
Gazteen arabera, udalbatzarrera egindako bertaratze hartan Udaltzaingoa oldartu egin zen eta, sortutako istiluen ondorioz, sei gazte deklaratzera deitu dituzte abenduaren 9an, “desordena publikoak eta autoritatearen aurkako atentatua” egotzita. Halaber, lesio delitua gaineratu dezaketela salatu dute, eta, ondorioz, espetxe zigor eskaerak irits daitezkeela aurreikusten dute.
AZGAren iritziz, gertatutakoa ez da kasu isolatu bat; azken urteotan “okupazioaren kontrako kriminalizazio prozesu zabalago” baten testuinguruan kokatzen da. Beraien esanetan, espazio autogestionatuen aurkako presioa handitu egin da eta komunikabideetako “manipulazio mediatikoa” zein legedi “errepresiboa” indartu dira. Hala, adierazi dute jabetza espekulatiboak kolektibizatzea ez dela delitua: “Auzo eta herrietako langileen interes kolektiboen aldeko erresistentzia ekintza da”.
Guardetxea bizirik dago
AZGAk dioenez, Guardetxea sei urtez egon da hutsik eta gazteek auzolanean berreskuratu dute espazioa; izan ere, azken zazpi hilabeteetan, jarduera ugari antolatu dituzte bertan: musika jaialdiak, liburu aurkezpenak, hitzaldiak… eta aitzakia horrekin, auzoko zein Donostiako elkarte askok erabili dute espazioa. Gainera, espazioa seguru bihurtzeko prozesuak martxan dituztela eta zarata edo bizilagunen kexak saihesteko neurriak ezarri dituztela adierazi dute.
Asanbladak gogorarazi du Parte Zaharrean espazio autogestionatu baten beharra “aspaldiko aldarrikapena” dela eta Guardetxea dagoeneko martxan dagoela. Hala, udalari jakinarazi diote ez dutela “mehatxu, isun, epaiketa edo espetxe zigorrekin” geldiaraziko.
Abenduaren 9ko mobilizazioa
Gazteek azpimarratu dute espazio autogestionatuek auzoaren bizi kalitatean eta gazte antolakuntzan duten garrantzia, eta gaztetxeak aurrera jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Hala, auzipetuen defentsan eta Guardetxearen alde, mobilizaziora deitu du AZGAk: abenduaren 9an, 09:00etan, Donostiako Epaitegiaren aurrean egingo dute elkarretaratzea.
