Kemen klubaren parte da ofizialki Gipuzkoako Powerchair Futbol Taldea
Gipuzkoako Powerchair Futbol Taldea.Kemen Duela hilabete batzuk sortu zuten Gipuzkoako Powerchair Futbol Taldea, eta proiektuak “hazten eta sendotzen” jarraitzen du, taldeak ohar baten bidez azaldu duenez: “Hemendik aurrera, Kemen Kirol Elkartearen parte gara ofizialki, eta hori urrats erabakigarria da Gipuzkoako kirol egokituaren esparruan gure egitasmoa egituratzeko”, nabarmendu dute. IRUTXULOKO HITZAk taldeari buruzko erreportajea ondu zuen uztailean, Aimar Ganuza taldekide donostiarrarekin hitz eginda.
Era berean, “poz handiz” agertu dira, taldea bost kidek osatzen dutelako dagoeneko: “Hasieran taldea gazteek osatzen bazuten ere, duela gutxi, 50 urteko emakume bat gehitu zaigu, eta bere etorrerak aniztasun aberasgarria ekarri du: adinaren eta generoaren ikuspegitik taldeari bestelako dimentsio bat eman dio. Bere parte hartzeak gogorarazten digu kirol hau benetan inklusiboa dela, eta ilusioa, gogoa eta ikasteko grina daudenean, ez dagoela oztoporik”.
Lehenengo lehiaketa ofiziala
Taldeak izena eman du ACPFEren (Powerchair Football-eko Espainiako Klub Elkartea) bigarren mailan, eta horrek aukera emango die Espainiako Estatuko lehiaketan parte hartzen hasteko. Era berean, joan den astean, lehenengo aldiz, lehiaketa ofizial batean hartu zuten parte gipuzkoarrek, Parlan (Madril, Espainia). “Espero zen moduan, kirol emaitzak ez ziren aldekoak izan, hasiberriak garen heinean. Hala ere, emaitzek ez gaituzte batere etsiarazi; aitzitik, esperientziak gure taldea sendotu du eta gure ilusioa areagotu”, azaldu dute.


