Lauaxeta saria jaso du 'Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako' filmak
Lauaxeta sarien banaketa, astelehen arratsaldean.Bizkaiko Foru Aldundia Bizkaiko Foru Aldundiak astelehen arratsaldean banatu zituen Lauaxeta sariak, eta ikus-entzunezkoena Inge Mendioroz Ibañezen Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako filmak irabazi du, ex aequo Oier Plaza Gartziaren Popel-ekin. IRUTXULOKO HITZA da Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako lanaren babesleetako bat. Ez da filmak jaso duen sari bakarra, izan ere, berriki, Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria Saria jaso du.
Zinemaldiko Zinemira saila ireki zuen Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalak, Inge Mendioroz Ibañezek zuzendutakoak. Maluta* Films ekoiztetxeak ekoitzi du lana, EITBren parte hartzearekin eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Mikel Laboa Katedraren (EHU) babesarekin. Inge Mendiorozen (Andoain, 1973) bigarren ez fikzioa da aipaturiko lana. Artxiboko irudiak eta euskal musika eta literaturaren munduko hainbat pertsonaren aitortzak baliatuz, Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako ondu du zuzendari eta muntatzaile gipuzkoarrak, Euskal Herriko kantagintzaren ikur honen bizitza beste ikuspegi batetik kontatzen duen biografia.
Iriondori aitortza
“‘Euskal Herriaren nobia’, ‘Joan Baez euskalduna’ eta ‘Ez Dok Amairuren musa’ deitu izan zaio Lurdes Iriondori. Berari buruz hitz egiten ala idazten denean, oraindik ere aipatzen dira termino hauek. Garai baten oihartzun direnak, kalterik egiten ez duten klixe vintage batzuk balira bezala. Baina, askori galdetuta, Ez Dok Amairuko abeslaria izateaz gain, ez dute gehiagorik ezagutuko. Sei urteko lana bizitza oso bat laburbiltzeko, aurreko lana eta gerora egindakoa desagertuz”, gaineratu dute egileek.
Horrez gain, nabarmentzekoa da filmean agertzen diren elkarrizketatuen zerrenda: Koro Berasategi Iriondo, Maite Idirin Solatxi, Mariasun Landa Etxebeste, Patxika Erramuzpe Alfaro, Amagoia Mujika Tolaretxipi, Agurtzane Intxaurraga Etxebarria, Jule Goikoetxea Mentxaka eta Ana Guadalupe Fernandez Bilbao.


